Arratsalde berezia izan zen larunbatekoa, kiroldegian: bueltan da neska seniorren taldea!

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 5a, 00:00

Hernaniko jokalariek txaloz eskertu zuten bertaratutako zaleen babesa, partiduaren bukaeran.

Bi hamarkada baino gehiagoren ondoren, neska seniorren partidu ofizial bat jokatu zuen Hernaniko Eskubaloi Taldeak, Bergararen kontra. 23-33 galdu zuen.

Oso atzean geratu dira Hernaniko nesken eskubaloiaren garai gozoenak, Espainiako Ohorezko Mailan jokatu zuenekoak. Baina pauso haundia eman zuten larunbat arratsaldean: bi hamarkada baino gehiagoren ondoren, kantxara bueltatu zen Hernaniko neska seniorren taldea.

Gipuzkoako Kopako partidua izan zuten estreinakoa, Bergararen kontra, kiroldegian. Denboraldi honen hasieran berreskuratu dute neska seniorren taldea, bergararrek ere. Kanpokoak izan ziren nagusi (23-33), aurreneko zatian lortutako abantailari eutsi eta azkeneko minutuetan areagotuta. Baina porrota jasota ere, oso berezia izan zen arratsaldea hernaniarrentzat. Horren erakusle da, zale asko eta asko gerturatu zirela kiroldegira, partidua ikusi eta etxekoei animoak ematera. Txaloz eskertu zieten babesa jokalariek, bukaeran.

Honako 13 jokalariak aritu zi­ren Hernanirekin, estreinako partidu horretan, Goyo Villoriaren gidaritzapean: Haizea Miralles, Ane Pavon, Nora Rozas, Ane Sanz, Maddi Salaberria, Iraia Trujillo, Libe Pellejero, Irati Rodriguez, Libe Aristimuño, Irantzu Mujika, Eider Indaberea, Ira­ti Manterola eta Lucia Arizkuren. Haietatik asko, jubenil mailakoak dira oraindik.

Hasitako bideak segida izango du, lau taldeko multzoan ari baita Hernani, Gipuzkoako Koparen hasierako fase honetan. Horrela, Zumarragan jokatuko du datorren asteburuan, Urolaren kontra; eta etxean ariko da berriro bi aste barru, Usurbilen bisita jasota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!