Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenak antolatuta, hitzaldia eskainiko du Antonio Turielek, maiatzaren 7an. Une honetan puri-purian dagoen trantsizio energetikoa izango du hizpide energian aditua denak, horrek dituen mugak mahai gaineratuz. Fisikari eta matimatikaria da Turiel, Fisika Teorikoan doktorea, eta CSIC erakundeko ikerlaria eta kidea. Floridako San Jose Langilea elizan izango da hitzaldia, arratsaldeko 18:30etan hasita, gaztelaniaz.
Azken egunotan albiste izan da Turiel bera, joan den asteleheneko itzalaldiaren harira. Espainiako hedabide ugarik jo dute beregana, aditu gisa, gertaeraren zergatia argitu asmoz. Gaztela-Leongo fisikariak nabarmendu du energia 'mix' batean ezin dela «%80 energia berriztagarria izan, horrelako arazo bat izatera arriskatzen baitzara; arduragabekeria da». Gainera, elkarrizketetako batean adierazi duenez, «astelehen goizeko 10:00etan, eta beharbada lehenago ere bai, frekuentzia fluktuazio arriskutsuak nabari dira. Itzalaldia baino 30 minutu lehenago, abixuak izan ziren. Are gehiago, 12:22etan sarea erortzeko puntu-puntuan izan zen; alarmak jo zuen eta Red Eléctricak fluktuazioak zuzendu zituen».