Majo kostata, baina garaipenarekin bukatu du denboraldi polita Hernanik, Ohorezko B Mailan. Trikoloreek 17-24 menderatu zuten Valencia kontrario zuzena atzo, Quatre Carreres zelaian; eta elite multzoko zazpigarren postua ziurtatu zuten horrela.
Beroak dezente gogortu zuen lehia, eta azkeneko unera arte borrokatu behar izan zuten hernaniarrek, valentziarrak gainditzeko. Oso parekatua izan zen partidua hasieratik, baina Valencia izan zen uneoro markagailuan aurrea hartu zuena. 14garren minutuan lortu zuten aurreneko entsaioa etxekoek, eta Jon Ander Zapiainen entsaio batekin berdindu Hernanik 24garrenean, Beñat Arizetak konbertsioa gauzatuta (7-7). Atsedenaren aurretik bi aukera on izan zituen Hernanik aurrea hartzeko, baina ihes egin zioten biek, azkeneko metroetan; eta zigor kolpe bat ere ezin izan zuen gauzatu Arizetak.
Bigarren zatiaren hasiera izan zen gogorra, Valenciak entsaio, konbertsio eta zigor kolpe bana gauzatuta (17-7). Baina hortik aurrera, Valencia ito zuten trikoloreek, bere zelaiaren azkeneko metroetan estu hartuta. 55ean lortu zuen bigarren entsaioa Zapiainek, eta 73an hirugarrena German Lecubek, hernaniarren lan bikainari erremate polita jarrita. Gainera, konbertsio eta zigor kolpe oso zailak gauzatu zituen Arizetak bigarren zatian, Hernaniren garaipena ziurtatzeko (17-24).