Bihartik, udaleku irekietan eta kirol udalekuetan izena emateko aukera izango dute herritarrek

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 4a, 00:00

Giro ederra izan ohi da urtero Hernaniko udalekuetan.

Ekainaren 30etik uztailaren 23ra izango dira bi udalekuak, goizeko 09:30etatik eguerdiko 13:00etara. Izena eman daiteke modu telematikoan edota aurrez aurre.

Ate joka dugu uda eta, urtero bezala, Hernaniko Udalak udaleku irekiak eta kirol udalekuak antolatu ditu uztailerako. Dagoeneko iragarri ditu izenemateen eta udalekuen datak.

Izenemateei dagokienez, bi­hartik apuntatu daiteke, eta ma­i­atzaren 18ra arte izango da epea. Bi bide daude apuntatzeko. Batetik, internet bidez, hernani.eus/udalekuak webgunean; eta bestetik, aurrez aurre (Haur, Nerabe eta Gazteria sailean, edo Herritarren Harrera Zerbitzuko bulegoan). Izena emateko egunetan, Haur, Nerabe eta Gazteria saila arratsaldez ere irekita egongo dela jakinarazi du Udalak. Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara egongo da bulegoa, irekita bi egu­netan izan ezik: maiatzaren 8an eta 15ean, arratsaldeko 17:30ak arte izango da.

Udalekuetako datei dagokie­nez, ekainaren 30etik uztailaren 23ra izango dira bi udalekuak; goizeko 09:30etatik eguerdiko 13:00etara bitartean.

Udaleku irekiak zuzenduta daude 3 eta 10 urte bitarteko haur hernaniarrentzat edota bertan ikasten dutenentzat; hau da, 2015 eta 2021 urte artean jaio direnentzat. Adin tarte bakoitzari egokitutako jolasak eta jarduerak egingo dituzte. Udaleku irekien matrikula 107,7 eurokoa izango da, eta tasa murrizketa eskatu nahi duenak, dagokion dokumentua aurkeztu beharko du matrikulazio epeak iraun bitartean. 

Kirol udalekuak, berriz, «kozkorragoentzat» direla azpimarratu du Udalak. Izan ere, udaleku hauek 11 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat dira; 2013an eta 2014ean jaiotakoentzat, hain juxtu. Kasu honetan ere, Hernanin erroldatutakoek edota bertan ikasten dutenek izango dute izena emateko aukera. Hala ere, plaza kopurua baino izenemate gehiago izanez gero, Hernanin ikasten duten haurrek izango dute lehentasuna, «eta kasu horretan ere plaza kopurua gainditzen bada, zozketa egingo da izena emandakoen artean», Udalak azaldu duenez. Kirol udalekuetako matrikulazioak 106,6 euro balio du, eta tasa murrizketa ere eskatu daiteke, aurretik aipatu moduan: beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko da matrikulazio epe barruan.  

Goizeko zaintza zerbitzua, Dobera Euskara Elkarteak

Aurten ere, Dobera Euskara Elkarteak goizeko zaintza zerbitzua eskainiko du udaleku irekietan, ekainaren 30etik uztailaren 23ra bitartean. Goizetako zaintza zerbitzua 08:00etan hasi eta 09:30ak arte izango da, eta elkarteak nabarmendu du familia bakoitzaren beharren araberakoa izango dela. Doberako begiraleak arduratuko dira haurrak udalekuetan egokitutako tokian eta euren begiraleekin uzteaz. 

Ekainaren 16ra arte eman daiteke izena, dobera.eus atarian; baina plaza kopurua mugatua da, eta beraz, lehenbailehen egitea gomendatu dute. Hilabeteko zerbitzuak 75 euroko kostua du; 70 eurokoa, Doberako bazkideentzat. Anai-arrebak apuntatuz gero, 65 euro dira bakoitzeko, eta bazkideen kasuan 60 euro. Aldizkako zerbitzua 10 euro izango dira eguneko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!