Gaur edozer gertatuta ere, Hernanik ziurtatuta dauka Eliteko Bigarren Maila berrian jokatzeko txartela

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 3a, 00:00

Valencian bukatuko du denboraldia Hernanik.

Gaur arratsaldean amaituko du denboraldia Hernaniko Ohorezko B mailako taldeak. Valencian arituko dira trikoloreak, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta denboraldia ondo bukatzea izango da helburua. 

Gaur arratsaldean amaituko da denboraldia Hernaniko Ohorezko B mailako taldearentzat. Valencian jokatuko du Elite faseko azken partidua, nahiz eta dagoeneko ez duen ezer jokoan. Kontuak kontu, denboraldia garaipenarekin amaitu nahi du Hernanik, egindako urte ona borobiltzeko. 

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Valenciaren eta Hernaniren arteko norgehiagoka. Bi taldeak daude bolada txar xamarrean, eta lehia estua izatea espero da Quatre Carreres kiroldegian. Valenciak fase honetako partidu bakarra irabazi du, eta azken jardunaldian 28-18 galdu zuen Liceo Frances liderraren aurka. Hernaniri ere asko kostatu zaio Gernikan jasotako porrotaren ondoren partiduak lehiatzea, eta lau porrot kateatu ditu dagoeneko. 

Gaurko helburua faseari amaiera ona ematea izango da. Hasiera batean finkatutako helburua lehenengo lauen artean sartzea zen, baina igoera jokatzeko postuetatik kanpo geratu da Hernani. Hala ere, lorpen garrantzitsua eskuratu du taldeak, jardunaldi baten faltan ziurtatuta baitu datorren urtean Eliteko Bigarren Maila berrian jokatu ahal izateko txartela. 

Arlo ekonomikoak ardura sorrarazi du klubean

Kirol arloari dagokionez, oso albiste ona da Eliteko Bigarren Mailara sailkatu izana, baina arlo ekonomikoak ardura ere sortu du klubean. Juanito Rodriguezek Errugbi Elkartearen webgunean argitaratutako iritzian zehaztu du «esfortzu haundia» egin beharko duela Hernanik: «Laguntza eta babesa beharko ditu Hernanik, esfortzu haundia egin beharko baitu arlo ekonomikoan. Partiduak jokatzeko egin beharreko desplazamenduek asko baldintzatuko dute kluba». 

Lehenengo taldearen ligako bidaiez gain, Hernanik Kopan parte hartuko du datorren urtean, eta 23 urtez azpiko taldeak ere Estatu mailako ligan jokatu beharko du nahi eta nahi ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!