Herenegun hasi eta gero, gaur segiko du trainerilla Ligak Hondarribian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 3a, 00:00

Gaur 16:00etan eta bihar Getarian 11:00etan hasiko dira estropadak. Atzo San Pedron, 2. izan ziren jubenilak eta 3. amaitu zuten kadeteek.

Bateletako txapelketa ezberdinetako emaitza ederrei agur esan ondoren, Trainerillen (sei arraunlari eta lemazaina) txanda iritsi da. Herenegun jokatu zen Gipuzkoako Trainerilla Ligako lehenengo estropada Pasai san Pedron eta gaur, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Hondarribiko estropadak hartuko du erreleboa eta bihar izango da hirugarren estropada, 11:00etan hasita, Getariako itsas eremuan.

Kadete eta jubenil neskak gogotsu daude

Axier Martinekin batera, Erik Gonzalez arituko da promesen (kadete) entrenatzaile lanetan. Aurten, zortzi ontzik parte hartuko dute Gipuzkoako Trainerilla Ligan, eta baikor ageri da Erik. «Gure helburua lehen hiruen artean sailkatzea da», dio.

Asier Ocon, neska jubenilen entrenatzailea da. «Trainerilla Liga motza baina indartsua izango da. Hamaika egunetan, bost estropada jokatuko dira; hortik kontuak atera», azpimarratzen du. «Gure aurkariak Hibaika, San Juan, Mutriku eta San Pedro izango dira, eta neskak, oso gogotsu daude erronka berri honen aurrean».

Gogo horien erakusle izan ziren ostegunean lortutako emaitza esanguratsuak. Kadeteek hirugarren amaitu zuten eta jubenilak berriz, bigarren izan ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!