Luis Goñi hernaniarrak urrezko domina irabazi zuen Ibizan, pasa den larunbatean, ur irekietako Munduko Kopako proban 50-54 urte artean. Espainiako Txapelketa ere bazen eta beraz bi urrezko domina eskuratu zituen igerilari hernaniarrak. 3.000 metroko proban igeri egin behar izan zuten Master mailako igerilariek, Santa Eulariako herrian, eta Goñik zeharkaldia 38 minutu eta 56 segundutan amaitu zuen proba. Lasterketa gogorra eta berdindua izan zen eta azken metroetan erabaki zen garaipena. Bigarren Jordi Sanchis i Domenech kataluniarrak amaitu zuen 14 segundura eta George Savescu errumaniarra izan zen hirugarren 27 segundura.
Iñigo Goñi eta Arkaitz Goñi anaiek ere parte hartu zuten Espainiako Txapelketan, 45-49 urte arteko mailan. Iñigok zazpigarren amaitu zuen 43 minutu eta segundu bateko denborarekin eta Arkaitzek hamaseigarren bukatu zuen 48:04ko denborarekin.
Neoprenoa erabili zuten igerilariek, urak oraindik ere 20 gradutik beherako tenperatura neurtu baitzuen.
Munduko Kopako bigarren proba
Ibizakoa Munduko Kopako bigarren proba izan zen eta bertan, Munduko ur igerietako onenek hartu zuten parte absolutu mailan. Lehenengo proba Egiptokoa izan zen, hirugarrena Portugalgo Setubal hirian izango da ekainean eta laugarrena Italiako Cerdeñako irlan, urrian. Master igerilariek ere hori izango dute egutegia.
Goñitarrak Cerdeñako proban parte hartzeko prestatuko dira. Hori bai, aurretik Euskal Herriko eta inguruetako zeharkaldiak izango dituzte udaran zehar.