Hernaniko Bilgune Feministak mundu martxarako deia egin du

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 3a, 00:00

Emakumeen Mundu Martxaren VI. Nazioarteko Ekintzaren Euskal Herriko ekimena izango da maiatzaren 10ean.

Emakumeen mundu martxak VI. Nazioarteko Ekintza egingo du aurten eta maiatzaren 10ean Euskal Herriko ekimena izango da Bilgune Feministak antolatuta. Emakumeen Mundu Martxak 5 urtetik behin antolatzen du ekintza eta aurten Herrien burujabetza eta bizitza duina, gerra eta kapitalismoaren kontra izango da leloa. Bertan, hiru lan-lerro jorratuko dira: gerra, lurraren defentsa eta migrazio politikak. Horretarako, Nepalen hasi eta Sahararaino iritsiko den ibilbidea egingo da.

Euskal Herrian ere, lanketa horrek lurreratzen propioa izan dezan, Maiatzaren 10ean Euskal Herria zeharkatuko duen ibilbidea egingo da. 10:00etan Bardeetatik hasi eta Aramaiotik, Gernikatik, eta Irun-Hendaiatik igaro ondoren, Donostian amaituko da ekintza 19:30etan, mobilizazio nagusiarekin. 

Ibilbidean zehar egingo diren geldialdietan, lurraren defentsaren aldeko eta migrazio-politiken eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriak egingo dira; «baliabide naturalen ustiaketa eta kaltetzea eta biodibertsitatearen galera masiboa gaitzesteko, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista salatzeko eta sistema hori sostengatzen duten mugekin» apurtu nahi dela adierazteko. 

Hortaz, «Hernaniko Bilgune Feministatik maiatzaren 10eko ekimenean parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!