Ave Maria parkeko urmaelari buruz

Hernani Natura Herria proiektuko koordinatzaileak 2025ko mai. 3a, 00:00

Ave Maria parkeko urmaela sortzeko prozesuan parte hartu dugun ikastetxeen ordezkari moduan, horri buruzko iritzia ematea gustatuko litzaiguke.

Azaroan urmaela sortzeko lanak burutu ziren Ave Marian. Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek bi goiz oso egin genituen bigarren zikloko ikasleekin lanean, Aranzadiko adituen aholkularitzapean. Asteburuan, familiek hartu zuten parte auzolanean. Ekimenak oso balorazio positiboa jaso zuen, ez baita bizitzan ekosistema berri bat sortzeko prozesua hastapenetik bizi ahal izateko aukera askorik izaten.

Urmaela artifiziala da, oihal iragazkaitza jarri delako azpian, baina sortuko den ekosistemak hezegune natural baten funtzio bera beteko du. Garrantzitsua azken hamarkadetan hezeguneen %70a desagertu dela jakinda. Horrez gain, azpimarratu beharra dago, urmael hau ikasleek erabili ahal izateko diseinatuko den hezkuntza eremu baterako hasierako pieza izango dela: parkearen biodibertsitatea handitzea eta eremu didaktiko bihurtzea da helburua.

Naturari buruzko ezagutzak nabarmenki behera egin duen honetan, ikasleekin praktika ezberdinak aurrera eramateko aukera ahalbidetuko digu eremuak, gelatik atera eta
zientziaren didaktika kanpo espazio aberats batean burutuz, ikerketa errealak eginez. Hezkuntzaren ikuspuntutik, beraz, eremu hau harribitxi bat da. Horregatik, tamalgarria da norbaitek arrain gorriak askatu izana urmaelean, ekosistema honetan egiten duten kaltea izugarria baita. Egoera hau gure ekintzek duten ondorioez edota naturaren hauskortasunari buruz hausnartzeko erabiliko dugu ikasleekin. Ikastetxeetan ondo asko baitakigu egoera guztietatik ikasten dela zerbait.

Urmaela, Hernaniko Naturaguneen Sareko beste eremuekin batera, hezkuntzarako babestutako espazioa izatea dugu helburu, eta horretarako, guztion parte hartzea beharrezkoa da. Izan ere, ikastetxeak komunitate baten partaide gara, gure eskubide eta betebeharrekin. Gure haurrei eskaini diezaiekegun ikasbiderik garrantzitsuena konpromisoa eta errespetua dira; eta hau da, gaurkoan, herritarrei ere eskatu nahiko geniekeena.

Maialen Diaz de Cerio Agirre
Miren Telleria Hernandorena
Leire Lizarralde Agirrezabal
Mirari Agirresarobe Lizaso
Izar Arteaga Arrazuria
Xabier Pajares Roteta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!