Erraustegiaren kutsaduraren inguruko kezka azaldu du Udalak

Olatz 2025ko mai. 2a, 00:00

Jaurlaritzari, Aldundiari eta GHK-ri eskatu die deskontaminazio plan bat egiteko eta kutsadurak eragindako eremua zehazteko.

 

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal taldeek mozio bateratua aurkeztu eta udalak onartu egin du apirileko osoko bilkuran. Izan ere, berriki jakin da ToxicoWatch Fundazioak eta Zero Waste Europe GKEak, Europako kutsatzaileei buruzko ikerketetan, dioxinen, PFASen (substantzia perfluoroalokatuak) eta metal astunen maila kezkagarriak detektatu dituztela Zubietako erraustegiaren inguruko eremuetan. Kutsatzaile horiek lurrean, uretan eta landaredian aurkitu dira, baita oiloen arrautzetan ere.

Txosten horren arabera, Hernanin, Andoainen eta Lasarten, PFAS kontzentrazioek Europar Batasunak ezarritako gehieneko mugak gainditu dituzte. Hernanin, Zubietako erraustegitik 3,5 km ingurura, aztertutako arrautzetako batek, ToxicoWatchen arabera, «azken 13 urteetan Europan erregistratutako dioxina-maila altuena, 38 pq TEQ/g koipe, EBren legezko muga baino 10 aldiz haundiagoa» zuen.

Etxebizitzetatik, parkeetatik eta eskoletatik hurbil dauden eremuetan ere metal astunak hauteman dira, hala nola beruna, merkurioa eta artsenikoa. Onartutako mozioaren arabera, «datu horiek baliagarriak izan behar digute ingurumenean eta elikatze-katean toxikoen metaketa-arazo bat dagoela identifikatzeko, eta hori arriskutsua da inguruko biztanleen osasunerako».

 

«Erraustegitik gertu bizi den jendea substantzia toxikoen eraginpean dago»

Mozioaren arabera, ikerketaren emaitzetatik ondorioztatu da datuek erakusten dutela huts egiten duela ingurumen ikuskapenerako sistemak, eta erraustegietatik gertu bizi den jendea arriskupean dagoela, substantzia kimiko toxikoen eraginpean dagoelako, legeak baimendutako mailaren oso gainetik. «Toxikoen metaketa hori Zubietako erraustegiarekin lotuta egon liteke, edo, agian, beste kutsadura-foku batzuekin, hala nola beste industria-jarduera batzuekin edo ibilgailuen zirkulazioarekin. Beraz, foku kutsatzailea edo kutsatzaileak aurrez zehaztu nahi izan gabe, datu ukaezina da benetako arriskua dagoela erraustegiaren inguruko eremuan eta herrietan pertsonen eta ingurumenaren osasunean».

Hori dela-eta, Hernani Zubietako erraustegitik gertu dagoen neurrian, eta Hernaniko herritarren osasuna bermatzeko ardura bere eginda, Hernaniko Udalbatzak eskatu die Gipuzkoako Aldundiari, GHKri eta Eusko Jaurlaritzari gure eremuan kutsadura-fokuak ote dauden zehazteko eta kutsadurak eragindako eremua ezartzeko, eta herritarrei behar bezalako gardentasunez argibideak eta azalpenak emateko.

Horrekin batera, deskontaminazio-plan bat ezar dezatela eskatu die, behar diren inbertsio eta neurriekin, kutsadura-mailak biztanleriaren osasunerako eta ingurumenerako balio seguruetara murrizteko, eta Hernaniko osasun publikoa, ekosistemak eta elikadura segurtasuna arriskutik kanpo egotea bermatzeko.

Halaber, orain arte «bi azterlan kontrajarri» egin direnez -Biodonostiarena eta ToxicoWatch fundazioarena-, Hernaniko Udalak eskatu du GHK-k eta Gipuzkoako Jasangarritasun Sailak erakunde independente bat sortzea sustatzeko, azterlan gehigarriak egin eta eraginpeko eremuen benetako egoera zehazteko. EAJko eta PSE-EEko udal taldeek mozioaren aurka bozkatu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!