Etxebizitzaren Aldeko Egunekin bat eginda, Hernaniko Kaleratzeak Stop

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 30a, 00:00

Etxebizitzaren aldeko elkarretaratzea, joan den larunbatean Hernaniko udaletxeko arkupeetan.

Apirilaren 25ean eta 26an ospatu zituzten Etxebizitzaren Aldeko Ekintza Globaleko Egunak, munduko 40 hiritan baino gehiagotan.

Mobilizazioak egin zituzten aurreko astean, mundu osoko 40 hiritan baino gehiagotan, etxebizitzaren alde. Zehazki, apirilaren 25ean eta 26an ospatu zituzten Etxebizitzaren Aldeko Ekintza Globaleko Egunak, baita Hernanin ere, horrekin bat egin baitzuen Hernaniko Kaleratzeak Stopek: «Burujabetza eta duintasuna berreskuratu behar direlako; bizitza erdigunean jarri behar delako».

Larunbat eguerdian egin zuten elkarretaratzea Hernanin, udaletxeko arkupeetan, 'Etxeak jendearentzat, ez onurarako!' lelopean. «Badakigu bankaren eskutik datozela etxebizitza eskubidearen aurkako azken eraso basatia, etxegabetzeak eta alokairuaren prezioaren igoera ordainezinak; baina baita funts putre edo banpiro funtsen eskutik ere, Hipotekaren Kaltetuen Plataforman (PAH) izendatzen hasi garen bezala», salatu dute. «Erauzketa funtsak dira, auzoko bizitzan ezer eraikitzen edo laguntzen ez dutenak; ahalik eta denbora laburrenean, ahalik eta etekin ekonomiko haundiena lortzea dute helburu, ondorioak kontuan hartu gabe. Balioa xurgatzen dute, gehienetan publikoa edo komunitarioa, eta ez dute ezer itzultzen. Horregatik deitzen diogu erauzketa edo estrakzioa, eta ez inbertsioa, sinestarazi nahi diguten bezala». 

Azaldu dutenez, 2008tik hona pasa dira ezezagunak izatetik «higiezinen merkatuko eragile nagusi izatera. Pertsona askok ez dakite beraien etxebizitza kudeatzen duela egoitza New Yorken, Londresen edo Luxenburgon daukan finantza enpresa erraldoi batek. Baina nabaritu egiten dute alokairuaren igoeretan, kontratuak ez berritzean, edota etengabe egiten duten presioan». Gainera, diote haien estrategiak «gero eta oldarkorragoak» direla, alokairuan dauden herritarrak kaleratuz, dirua eskainiz, kontratuak ez berrituz, alokairuan dauden etxebizitzak salduz... Eta, era berean, gero eta «opakoagoak eta bortitzagoak» ere badira, «higiezinen mobbingarekin edo Desokupa bezalako enpresen kontratazioarekin».

«Horregatik dago erresistentzia. PAHk eta etxebizitza sindikatuek milaka etxegabetze saihestu dituzte, eta praktika ho­riek ikusgarri egitea lortu dute», nabarmendu dutenez: «Baina askoz ere gehiago behar da etxebizitzaren negozioarekin amaitu eta bere eskubidea bermatzeko. Etxegabetze guztiak geldiarazi, alokairuaren merkatuan esku hartu eta beharrezko parke publikoa sortu behar da, gehiegikeriak zigortu eta funtsei muga argiak jartzearekin batera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!