BERO-BERO zegoen giroa atzo kiroldegi ondoan, euria erruz bota bazuen ere. Olinpiadetako hirugarren egunean, talde bakoitzeko bi neska eta bi mutilek hartu zuten parte, lau zatitan banatutako proba egiteko. Lehenak, eragiketa matematikoa ondo egin ondoren, txirristra erraldoian jaitsi behar zuen. Bigarrenak, korrika saioa egin behar zuen. Hirugarrenak aldiz, arrautza eusten zuen kutxarea ahoan zuela, kiroldegi ondoko eskailerak igo behar zituen, eta azkenak, pareta eskalatu eta goian jarritako kanpaia jo. Lehia bizia nagusi izan zen arratsalde osoan, batez ere, matematikei aurre egiteko garaian.