Apirileko Plenoa bihar, Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 28a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan bilduko dira pleno aretoan, ohiko deialdian, 16 puntuko gai-ordena eztabaidatzeko.

Bihar egingo du apirileko Plenoa Hernaniko Udalak, ohiko deialdian. Arratsaldeko 18:00etan ha­siko da, pleno aretoan; eta 16 puntu dauzkate eztabaidatzeko.

Horien artean izango dira, esate baterako, 2024ko kontu orokorra onartzea, eta 2025eko aurrekontuan aldaketa bat egitea. Iruzurraren Aurkako Plana gaurkotzea ere bozkatuko dute, eta Galarretako bide sistema eta zerbitzuetako hartune orokorrak eraikitzeko bigarren fasea ere jarriko dute mahai gainean: obrak kontratatzeko espedientea bertan behera uztea bozkatuko dute aurrena, eta segidan, kontratazioa prozedura ireki bidez gauzatzea.

Gainera, hiru mozio izango dituzte eztabaidagai gaurkoan: Euskal Errepublikareko aldekoa bata, Ehun mugimenduak aurkeztutakoa; Zubietako erraustegiaren ingurukoa bestea, Hernaniko EH Bilduk aurkeztutakoa; eta Zubietako erraustegitik gertu kutsadura-maila haundia eta osasunerako arriskua dagoela salatzekoa hirugarrena, Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldearena.

Bost batzorde informatibo bihar, Astigarragan

Astigarragako Udalaren kasuan, berriz, bost batzorde informatiboren bilerak deitu dituzte biharko, goizean eta eguerdian: ongizatekoa 09:15etan, lurraldeari buruzkoa 10:15etan, antolaketari dagokiona 11:30etan, bozeramaile batzordea 12:00etan, eta herritarrei buruzko batzorde informatiboa 12:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!