Dagoeneko aukeratu dute hernaniarrek, zein izango den aurtengo San Joan jaiak iragartzeko kartela: Sara Etxeberria Zapirain lasartearrak egindako proposamena hautatu dute; hemen eskuinean ageri dena, hain juxtu.
Bi astez izan dute aukera herritarrek, gustukoen zuten kartela aukeratzeko; eta aurten «izugarri» haunditu da partehartzea bozketan, Hernaniko Udalak nabarmendu duenez. Zehazki, 1.152 lagunek eman dute botoa, joan den urtean baino 728 gehiagok (424 izan ziren iaz). Horietatik, 405 herritarrek hautatu dute Sara Etxeberriaren kartela, eta berea izan da denetan bozkatuena.
Hori horrela, lasartearrak sortutako irudia agertuko da jaietako programan eta kartelean, eta 700 euroko saria jasoko du egileak: 350 euro esku dirutan, eta beste 350 euro Berriak elkartearen dendetan erabiltzeko.
Denera 18 proposamen aurkeztu zituzten sortzaileek aurtengo kartel lehiaketara, eta horietatik bost aukeratu zituen San Joanetako Jai Batzordeak. Bost aukera horiekin zabaldu zuten bozketa herrikoia, hernaniarrek internet bidez edota Biteri kultur etxean hautaketa egiteko. Online eman dute botoa gehien-gehienek; 985 herritarrek, hain zuzen ere.