Izenematea bihartik, igeriketa ikastaroetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 27a, 00:00

Haurrentzako igeriketa ikastaroak eskainiko ditu Hernaniko kiroldegiak ekainean, eta bihar zabalduko dute izenemate epea, maiatzaren 11ra arte. 2011 eta 2019 urteen artean jaiotako haurrek eman dezakete izena ikastaroetan, eta hiru bide jarri dituzte aukeran: internet bidez, www.kirola.hernani.eus webgunean; kiroldegiko harreran; edota kiroldegiko bulegoetan. Prezioa 68,48 eurokoa izango da kiroldegiko bazkideentzat, eta 109,62 eurokoa bazkide ez direnentzat.

Plazak mugatuak dira, eta tokiak baino jende gehiago apuntatuz gero, maiatzaren 13an egingo dute zozketa, izena ematen dutenen artean. Zerrendak maiatzaren 15ean argitaratuko dituzte, arratsaldeko 14:00etan. Plaza librerik geratuko balitz, egun horretatik aurrera izango da izena emateko aukera.

Adin tarte guztietan, ekainaren 2an hasiko dira saioak, eta hilaren 20an bukatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!