Ingurumeneko zinegotzi agurgarria, Instagramen argitaratu berri duzun mezua irakurri dut, non kezkaz hitz egiten duzun urmaelaren egoeraz eta bertan arrainak sartzeak ekosisteman izan dezakeen eraginaz. Ingurumenarekiko errespetua beharrezkoa dela uste dut, baina harritu nau zure arreta hain puntu jakin batean jartzeak, are gehiago kontuan hartuta urmaela modu artifizialean sortua izan dela.
Gogorarazi nahi dizut benetako ingurumen-hondamendia Ave Maria parkeko zuhaiztian hasi zela, 2023ko urtarrilean. Garai hartan, bertako lizar guztiak moztu zituzten, gaixo zeuden zuhaitzak bakarrik kenduko zirela agindu zen arren. Esku-hartze horrek galera handia ekarri zuen parkeko ekosistemarentzat: urtxintxak desagertu ziren, itzala ia erabat desagertu da, tenperatura igo da, eta biodibertsitatearen zati handi bat galdu da.
Gaur egun, parkearen egoera utzikeriazkoa da. Adibide argia da oraindik zutik dagoen eta mende bat baino gehiago duen tilo-zuhaitza, miurak erasotua dagoena. Azken 4 urteetan idatzi dizuet arazo honi buruz, baina ez duzue ezertxo ere egin. Berehala ez bada esku hartzen eta aditu baten bidez inausketarik egiten, zuhaitz historiko hori ere galduko dugu.
Hori guztia ikusita, kezkagarria da erakunde publikoen arreta osoa, urmael artifizial batean jartzea, eta, aldi berean, urte luzez auzo honetako birika berdea izan den parkearen egoera orokorra alde batera uztea.
Begirada zabalago bat izatera eta Ave Maria parkeari merezi duen zaintza eta zentzu ekologikoa berreskuratzera animatzen zaitut.
Adeitasunez,
Ainhoa Zaldua Lopez