Partidurik zailenean, azkeneko 'bala'

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 27a, 00:00

Liceo Frances liderraren kontra jokatuko du Hernanik gaur, 12:00etan Landaren, etxeko azkeneko partidua denboraldi honetan.

Hiru porrot segidan pilatzeak ia aukerarik gabe utzi du Hernani, Ohorezko B Mailan, igoera faseko lau onenen artean sailkatzeko. Trikoloreek bost puntura daukate langa hori, bi partidu falta direnean.

Baina badaukate azkeneko 'bala' bat, eta partidurik zailenean baliatu beharko dute, gaurkoan. Liceo Francés liderraren kontra jokatuko du Hernanik, eguerdiko 12:00etan hasita, Landaren. Etxeko azkeneko partidua izango du gaurkoa, denboraldi honetan.

Kontrarioaren indarraz ez dago zalantzarik. Jokatutako sei partiduak irabazi dituzte madrildarrek, eta horietatik lautan lortu dute erasoko bonusa ere.

Kontuak kontu, garaipenaren bila aterako dira trikoloreak, etxeko zaleen aurrean; eta ez litzateke aurreneko aldia izango, denboraldi honetan bertan, unerik kritikoenean liderra menderatzen dutena. Halaxe egin zuten aurreneko fasean, Pasek Belenosen bisita jaso zutenean; kasu honetan bezala, azkenaurreko jardunaldian.

Gaurkoan balentria ikaragarria gauzatuta ere, hori bai, gainerako partiduetako emaitzak alde beharko lituzke Hernanik, bizirik jarraitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!