Palan ere ez dira faltako Hernaniko palistak Grabni txapelketaren finalerdietan. Guztira hiru finalerdi jokatuko dituzte gaur eta klubeko sei ordezkari izango dira guztira. Palan ez da finalerako bikoterik zuzenean sailkatu.
Hala ere finalerako aukerekin jarraitzen dute hiru bikotek. Honela, ezker horman paleta gomaz, Irazustabarrena eta Eizmendi Bizkaiaren aurka arituko dira gaur Larrabetzuko frontoian 10:00etatik aurrera. Nagusien mailako partidua izango da eta Nafarroa zuzenean sailkatu da. Gipuzkoarrak faboritoak dira.
22 urtez azpikoetan Querejeta eta Mazizior hernaniarrak dira Gipuzkoa ordezkatuko dutenak finalerdian. Hau ere Larrabetzun jokatuko da gaur jaialdi berean eta aurkaria Nafarroa izango da. Ligaxkan nafarrak lortu zuten garaipena.
Azkenik, trinketean eta paleta argentinarra modalitatean, Hernani klubeko Mendizabal eta Arrosagaray izango dira Gipuzkoa ordezkatuko dutenak gaur, 10:00etan, Nafarroaren aurkako finalerdian, Irungo Ramuntxo trinketean.