Gipuzkoa mailako futbolak atsedena izango du bigarren asteburuz jarraian Aste Santuko oporrak direla eta, baina horrek ez du esan nahi futbolik izango ez denik bailaran edo izango ez dutenik bailarako bi taldek. Hernaniko Euskal Ligako neskek 31garren jardunaldia jokatuko dute bihar, 16:00etatik aurrera, Getxon Bolue 3 zelaian Bizkerre B taldearen aurka.
Irteera zaila izango dute hernaniarrek, bigarren postuan sailkaturik dagoen talde baten aurka. Lau partidu bakarrik galdu dituzte denboraldi osoan zehar eta 70 punturekin sendo daude kokatuak bigarren postu horretan Reala C-ren atzetik.
Hernani zortzigarren postuan dago 50 punturekin. Ez du jokoan gauza esanguratsurik, baina helburua ahalik eta hoberen sailkatzea da. Lau partiduren faltan lau puntura du seigarren postua, hiru puntura zazpigarrena eta bederatzigarrena hiru puntu atzetik dago. Beraz, oraindik ere jokoan daude postu horiek. Azken partidua irabazi egin zuten etxean eta ildo beretik jarraitu nahi dute.
Denboraldi oso ona jubenilek
Azken urteetan sufritu eta gero Hernaniko Jubenil Nazional taldea denboraldi oso ona ari da osatzen. Lau partiduren faltan zazpigarren postuan daude sailkatuak eta bihar, 16:00etatik aurrera, Zubipen jokatuko dute Realeko B taldearen kontra.
Partidu erakargarria da Gipuzkoako ikurra den klubaren kontra. Talde donostiarra hirugarren postuan dago sailkapenean zortzi puntura eta irabaziz gero bost puntura jarriko dira hernaniarrak. Zazpigarren postua ziurtatu nahi du taldeak.