Hernaniko errugbi taldeak denboraldiko azkenaurreko partidua eta etxeko azken partidua izango du bihar, Landaren, eguerdiko 12:00etan hasita. Liceo Francesen aurka jokatuko dute hernaniarrek eta lau onenen artean sailkatzeko dituzten aukera urriak mantentzeko irabazi beharra dute derrigorrez.
Hernanik geratzen diren bi partiduak irabazi behar ditu eta beste emaitzen zain egon. Nahiz eta biak irabazi, igoera fasea jokatuko duten lau talde onenen artean egotea oso zaila dute. Emaitza asko izan behako lituzkete alde. Gainera biharko aurkaria ez da nolanahikoa. Liceo Frances talde madrildarra elite multzoko liderra da 28 punturekin eta igoera lortzeko hautagai nagusienetakoa, nagusiena ez esatearren. Jokatu dituen sei partiduak irabazi ditu eta bolada ezin hobean dator Landarera.
Hernani aldiz ez dago bere sasoi onenean. Aurkari guztiak dira multzo honetan lehiakide gogorrak eta hori, partiduak aurrera joan ahala, nabaritu dute jokalariek. Hala ere, esperientzia hartzeko partidu oso aberasgarriak izan dira eta zaleen aurrean partidu bikain batekin agurtu nahi dute denboraldia.
Azken partidua maitzaren lehenengo asteburuan jokatuko dute Valentzian. Beraz, biharkoa taldea animatzeko aukera paregabea da zaletuentzat. Berriz ere giro ezin hobea izan da Landaren azken jardunaldietan eta errugbiarekiko zaletasuna berpiztu da Hernanin. Seguru datorren denboraldirako bultzada garrantzitsua iznago dela. Are gehiago garaipena lortzen baldin bada Liceo bezalako talde sendo baten aurrean.
Getxoren aurka, Euskal Ligan
Euskal Ligako seniorren bigarren taldeak ere partidua jokatuko du asteburu honetan. Denboraldiko azkena izango da gaurkoa, 16:00etatik aurrera, Getxo Etorkizuna taldearen aurka. Hernaniarrek ez dute igoera fasea jokatzeko aukerarik eta zazpigarren postua izango dute jokoan. Irabaziz gero postu horretan mantenduko dira eta galduz gero seguruenik zortzigarren postuan amaituko dute denboraldia.
Ez da erraza izango partidua, bizkaitarrak hirugarren postuan baitaude sailkatuak lehenengo maila honetan.