Hernaniko Zerbitzu Sozialen helburua «hernaniar guztien gizarteratzea eta ongizatea» dira. Hernaniko Zerbitzu Sozialen 2024ko Memoria aurkeztu du Udaleko Zerbitzu Sozialen sailak.
Xabier Lertxundi alkateak adierazi duenez, «gizarte zerbitzuak ongizate estatuaren lau zutabeetako bat dira, baina jakitun gara etorkizuneko beharrei aurre egiteko egungo egoera eta joerak aztertu behar direla». Honela, egungo «aldaketa soziodemografikoa eta ziurgabetasun sozioekonomikoa» aipatu ditu Hernaniko egoera bera ulertzeko gako.
Urtez urte, Zerbitzu Sozialen aurrekontua indartzen du Hernaniko Udalak. Honela, 2024an aurreko urtean baino %4,6 haundiagoa izan zen sailaren aurrekontua: 3.267.765 euro.
20.000 biztanlez gorako Gipuzkoako herrien artean, herritar bakoitzeko gastu sozial handiena egiten duen udalerria da Hernani: 282,85 euro biztanleko.
Hernaniko Zerbitzu Sozialak datutan
Iaz, 922 herritarrek jaso zuten arreta Zerbitzu Sozialetan (2023an baino 66 gehiago) eta zuzeneko 4.692 hitzordu eman ziren (2023an baino 14 ordu gehiago).
Iaz Zerbitzu Sozialetara jo zuten herritarren arazo larrienak, multzokatuta, hauek izan dira: etxebizitza eskuratzeko larritasuna (etxebizitza eskuratzerakoan Hernanin ere klase eta arraza ikuspegia lehenesten ari dela nabarmendu da); adin-tarte guztietan osasun-mental, bakardade eta arazo psiko-afektiboen kopurua haunditzea; genero-indarkeria eta adin txikikoen babesgabetasuna eta bazterkeria; tratamentu psikosoziala eskatzen duten esku-hartze konplexuen igoera; erroldarik gabeko herritarren kopuruaren igoera -horien artean, batetik sareari esker infra-etxebizitzak lortu dituztenak eta bestetik, kale egoeran daudenak-, eta, ondorioz, bazterkeria egoera handitzea.
«Ziurgabetasun sozioekonomikoaren eta aldaketa soziodemografikoaren faktoreen eragina berresten dituzte multzoka identifikatu ditugun arazo hauek», azaldu du Oihane
Zabaleta Zerbitzu Sozialetako arduradun teknikoak.
Kalitatezko arreta ikuspegi komunitariotik
«2023an Zerbitzu Sozialetako lan-jardunaren ebaluazioa egiten hasi ginen eta ordutik, herritarrei eskainitako arretaren kalitatea baloratzeko ohitura hartu dugu», azaldu du Zabaletak. «Lagungarri izan zaigu jabetzeko kalitatezko arreta eskaintzeko beharrezkoa dela ikuspegi komunitarioa. Horretarako, udal sailen arteko koordinaziorako eta beste jarduera-sektore batzuekin harreman eta koordinazio-espazio iraunkorrak sortu ditugu». Udal sailetatik kanpo, osasungintza, etxeko lana, segurtasuna eta hezkuntzako eragileekin zuzenean aritzen dira Hernaniko Zerbitzu Sozialak.
Zabaletaren iritziz, «ikuspegi hori nahitaezkoa da oinarrizko zerbitzu sozialek eskaintzen dituzten prestazio, baliabide eta laguntzak balio handiagoarekin eman ahal izateko herritarrei».
Hernani Burujaberekin lerrokatutako bost erronka
2025 honetan, bost erronka dituzte ezarrita Hernaniko Zerbitzu Sozialek, Hernani Burujaberekin lerrokatuta: kalitatezko zaintzak, zainduaren duintasuna eta zaintzailearen bizi eta lan-baldintzak erdigunean izango dituena (horrekin lotuta, etxeko zaintza zerbitzua hobetzen jarraitzea lehentasunezkoa izango da); haurren hazkuntzan eta gurasotasun positiboan laguntzea (prebentzio goiztiarra eta haurtzaroa babesteko, genero indarkeriaren oinarrizko irizpideak ezartzea eragile ezberdinen artean); gizartearen eta komunitatearen parte-hartzea sustatzea (auzozaintza egitasmoaren arlo komunitarioa sendotuz); Zerbitzu Sozialen eta gainerako udal sailen zein kanpo eragileen arteko elkarlan multidisziplinarra bultzatzea eta, gizarteratzeko prozesuetan laguntzea.