Kiroldegiko igerilekuetan konponketa lanak egingo dira uda honetan eta hilabete itxiko da

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 25a, 00:00

Ekainaren 23tik uztaila bukaera arte, itxita egongo da igerileku eremua.

Udal kiroldegiko igerilekuetan konponketa lanak egingo ditu Udalak uda honetan. Hori dela eta, ekainaren 23tik aurrera itxita egongo da igerileku eremua zenbait astez.
Kiroldegia mantenu lanengatik itxita egon ohi da sanjoanetako astean. 

Erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko asmoz, aste horretan hasiko dira igerilekuetako konponketa lanak ere. Aste horretan igeltseritza lanei helduko zaie; igerilekuetako hormak inpermeabilizatuko dituzte, besteak beste, eta 21 egunez lehortu egin behar direnez, ezingo dira igerilekuak erabili.

Uztaila bukaeran kiroldegiko igerileku eremua berriz erabiltzeko moduan egongo dela aurreikusten da.

Berrikuntza lanak egitera 22.000 euro inguru bideratuko ditu Udalak.

 

Erabiltzaileek inguruko herrietako kiroldegietako zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute

Egun hauetan kiroldegiko erabiltzaileek lan hauen gaineko mezu informatiboa jaso dute. Hernani Mugiment sareko kide denez, igerilekua itxita dagoen bitartean Hernaniko
erabiltzaileek Mugiment sareko inguruko herrietako igerilekuak erabiltzeko aukera izango dute, dohainik, Hernaniko bazkide-txartelarekin. Esaterako, Astigarraga, Donostia, Urnieta, Lasarte-Oria, Errenteria, Usurbil eta Urnietako kiroldegiak erabiltzeko aukera dute hernaniarrek.

Zerbitzu honen erabilera moduari buruzko informazioa kiroldegiko harreran edo kirola.hernani.eus/eu/mugiment-kirol-txartela webgunean jaso dezakete kiroldegiko erabiltzaileek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!