Erdi Aroko azokak protagonismoa hartuko du gaurtik igandera, herriko Kaxkoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 25a, 00:00

Artisauek euren lanak izango dituzte salgai.

Mota guztietako postuak, tailerrak, jolasak eta ikuskizunak izango dira, goizez zein arratsaldez.

Bueltan da urteroko azoka berezienetako bat Hernanin: gaurtik igandera jarriko dute Erdi Aroko azoka. Goizez eta arratsaldez egongo dira zabalik postuak, eta etengabe izango dira tailerrak, jolasak eta ikuskizunak ere, herriko kaleetan eta plazetan Erdi Aroko giroa zabaltzeko.

Mota guztietako postuak egongo dira azokan, ohi bezala. Horrela, artisautza produktuak izango dira horietako zenbaitetan: pitxiak, arropa, kosmetika naturala, apaingarriak, jostailuak, larruzko, egurrezko eta zeramikazko produktuak...

Elikadura postuek ere ez dute hutsik egingo: hestebeteak, goxokiak, ogia eta gozogintza, produktu garrapinatuak, eztia... Eta otorduak egiteko aukera ere izango da azokan, jaki bereziekin.

Postuetatik harago, makina bat saio ere izango dira, hiru egunetan zehar, Erdi Arora atzera egitea erraztuko dutenak: kale antzerkiak, kontzertuak, musikarien kalejirak, aireko ikuskizunak, antzinako lanbideen erakustaldiak, haurrentzako tailerrak, jolas parkea...

Urtero erakartzen ditu bertako zein kanpoko bisitari asko, Erdi Aroko azokak, eta pentsatzekoa da aurtengoa ez dela salbuespena izango. Aste Santuko oporraldiaren azkenetan dator azoka, eta modu polita izango da batzuentzat oporraldia bukatzeko, eta beste batzuentzat aurreneko lanegunen itzulera goxatzeko. Antolatzaileek, behintzat, herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.

Kantu bazkarirako tiketak Hernani Errotzenen postuan salgai

Maiatzaren 18an, Euskaraldiak antolatuta, kantu bazkaria egingo dute Xalapartan. Sarrerak salgai daude Rioja tabernan eta Erdi Aroko azokan, Hernani Errotzenen postuan.

 

 

Gaur 17:00 Merkatuaren inaugurazioa. Haurrentzako gunea. Artisau tailerrak.
Orkesta gizona:  Gaur 17:00, 18:40, 19:50. Bihar 12:30, 14:30, 17:00, 18:30, 20:15. Etzi 12:30, 14:30.
Eulali Ipuin kontalaria: Gaur 17:30, 20:00. Bihar 11:30, 13:30, 17:30, 20:00. Etzi 11:30, 13:30, 17:30, 20:00.
Ramalleira: Gaur 17:30, 18:45, 20:30. Bihar 12:00, 13:30, 17:30 18:45, 20:00. Etzi 12:00, 13:30, 17:30, 18:45, 20:00. 
Hula-hopa: Gaur 17:45.
Gure herensugeak: Gaur 18:00, 20:00. Bihar 12:45, 14:15, 18:00, 20:00. Etzi 12:45, 14:15, 18:00, 20:00. 
Ohizko ipuinak: Gaur 18:30. Bihar 18:30. Etzi 18:30.
Trapezioan dantzan: AGaur 19:30. Etzi 20:15. 
Desfile orokorra: Bihar 10:30
Bihar, 11:00 Merkatuaren irekiera. Haurrentzako gunea. Artisau tailerrak.
Elfa Kuka: Bihar 12:15. Etzi 12:15. 
Zarcillo teatroa: Bihat 13:35. Etzi 14:00.
Aro aereoa: Bihar 17:15. Etzi 17:15.
Airearen alaba: Bihar 18:15. Etzi 18:15.
Su-ikuskizuna: Bihar 21:00.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!