Donostiako 60 Jazzaldiaren barruan sei kontzertu eskainiko dira uztailean Chillida Leku Museoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 26a, 00:00

Igor Otxoa, Miguel Martín, Mikel Unzurrunzaga ‘Makala’, Mireia Massagué eta Harkaitz Martínez de San Vicente.

Uztailaren 19tik 27ra bitartean ospatuko da aurten Jazzaldia eta Chillida Lekun izango dira Bascolombia, Iñaki Salvador eta Marco Mezquida, Lew Tabackin, Jordina Millà & Barry Guy, Claire Martin eta Arima Soul euskal taldea. 

 

Donostiako Jazzaldiak, 60. edizioa ospatzeko, eutsi eta indartu egingo du bere programazioa Chillida Leku museoan. Hala, iraganean hain emaitza onak izan dituen lankidetzak jarraitu egingo du museoaren eta Jazzaldiaren artean, artea eta natura uztartzen diren ingurune paregabe honetan kontzertuen programazio bikaina eskaintzeko.

Guztira sei kontzertu eskainiko dira bertan, eta horien artean bi estreinaldi nabarmentzen dira, aire zabalean, museoaren zelaietan. Uztailaren 19an, Bascolombiaren kontzertua izango da, Oreka TX euskal taldea eta Phonoclórica kolonbiar taldea batzetik eratua. Uztailaren 20an, Iñaki Salvador eta Marco Mezquida pianoaren bi jeinuek Dichosos tributos proposamena aurkeztuko dute.

Jazzaldian lehen aldiz, bi kontzertu eskainiko dira Chillida Lekuko Zabalaga baserrian: uztailaren 26an, Lew Tabackin flautista eta saxofoi tenor haundiaren laukotea; eta, uztailaren 27an, Jordina Millà & Barry Guy pianista eta kontrabaxua arituko dira.

Chillida Lekuko kontzertuen eskaintza osatzeko, Txikijazz programazioaren barruan, bi kontzertu izango dira helduez lagundutako haurrei zuzenduak: uztailaren 25ean Claire Martin abeslari britainiarra arituko da; uztailaren 26an, berriz, Arima Soul euskal taldea.

Galarretan aparkaleku bat prestatuko da ibilgailu pribatuentzat, eta doako autobus bat ere egongo da Galarretatik museora, uztailaren 19, 20, 25 eta 26ko kontzertuetarako (azken egun horretan goizez bakarrik). Uztailaren 26 eta 27an 19:30etan izango diren kontzertuetara bertaratzen direnek aparkatu ahal izango dute museoko aparkalekuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!