Haatik dantza konpainiako kideek emanaldia eskainiko dute gaur, Erribera Kulturgunean. Danztariek Jone San Martin, nazioarteko ospea duen dantzari eta sortzaile donostiarraren laguntza izan dute OTS emanaldia mamitzerako orduan.
Konpainiako dantzarien ohiko lanari itzulia eman dio donostiarrak. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mugan murgilduz, gorputzen mugimendua eta haien arteko erlazioa aztertuz. Dantzariek adierazi dute musikaren erabilera ere errotik aldatu diela San Martinek. «Abestiak koreografiatzeko ohiko modua alde batera utzi dugu, eta orain, Manu Gaigne-k Herri Gogoa disketxearen katalogo eder eta amaigabetik sortuko duen espazio sonoroaren bidez, koreografia bakoitzari berezko musika bilatzen ari gara».
Dantza lan hau 'Herri Gogoa', euskal herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada gisa sortzen dela azaldu dute. «Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin».
Beraz, OTS dantza garaikideko lan soil bat baino gehiago da. «Donostiarrak sortutako koreografiak, oroitzapenak asetzea, harritzea, gogora ekartzea eta, batez ere, mugimendu hark herri-kontzientzia bultzatzeko eta artea herriari hurbiltzeko izan zuen beharra transmititzea baitu helburutzat».
Arratsaldeko 20:00etan izango da emanaldia, eta sarrera 8 euroren truke eskuratu ahal izango da; 18 urte beherakoek, 4 eurotan izango dute sarrera.