Zaindu dezagun Ave Mariako urmaela

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 24a, 00:00

Azken hilabeteotan, Ave Mariako eremua berreskuratzeko prozesu polit batean murgilduta gaude. Helburua argia da: naturari bere tokia itzultzea eta herritarrok gozatzeko espazio bizi eta
atsegina sortzea.

Azaroan eman genituen lehen urratsak, ikastolekin batera egindako tailerretan, eta ondoren, auzolanean egindako lanari esker, urmael txiki bat sortu genuen. Urmaela ez da edonolako apaingarri bat: ekosistema txiki eta delikatu bat martxan jartzeko aukera zen, eta horrelaxe izan da. Berehala agertu dira bizitzaren lehen seinaleak: zapaburuak, sorginorratzak, intsektuak... Bizitza isil baina oparoa, naturak bere kabuz dakarrena.

Baina, zoritxarrez, azken asteotan beste egoera bati egin behar izan diogu aurre. Urmaelean arrainak agertu dira -ziurrenik norbaitek intentzio onez bota dituenak- baina ondorioak oso larriak izan dira. Arrain horiek bertako ekosistema guztiz aldatu dute: zapaburuak desagertu dira, intsektuak gutxitu, eta sortzen ari zen bizitza hori guztia eten da. Gainera, arrainak ugaldu daitezkeenez, urmaela hustu beharko dugu berriro hutsetik hasteko.

Ulertzen dugu ekintza hauen atzean asmo onak egon daitezkeela, baina ezinbestekoa da konturatzea horrelako keinu ustez txikiek ondorio handi eta kaltegarriak izan ditzaketela naturan. Ekosistemak oso oreka hauskorrean bizi dira, eta horregatik da hain garrantzitsua babestea eta errespetatzea.

Ave Maria inguruan proiektu eder hau garatzen jarraitu nahi dugu: eremua bernaturalizatzen, espazio irisgarriak eta atseginak sortzen eta, noski, herritarrak protagonista bihurtzen. Guztion artean eraikitako eta guztion artean zaindu beharreko espazioa da.

Denon esku dago espazio berezi hauen etorkizuna bermatzea. Naturarekin dugun harremana guztion ardura da.

Eskerrik asko zuen laguntzagatik.

 

Ainara Atorrasagasti Urizar

Hernaniko Ingurumen zinegotzia

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!