Palmira Dualen hitzaldiarekin abiatuko da egitaraua KPFn

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 24a, 00:00

Palmira Dualek asteartean eskainiko du hitzaldia.

Kera elkarte feministak ‘Emakume ijitoak eta giza eskubideak’ izango ditu hizpide datorren asteartean.

 

Datozen asteetarako ekintzak aurkeztu ditu Kulturarteko Plaza Feministak. Guztira, bederatzi ekimen izango dira, feminismoa eta kulturartekotasuna ardatz. Horien arteko lehena Emakume ijitoak eta giza eskubideak hitzaldia izango da. Kera elkarte feministako koordinatzaile Palmira Dual lehen pertsonan arituko da gaiari buruz, euskeraz. Arrazakeria eta kulturartekotasuna: gogoeta partekatuak zikloaren baitako saioa izango da (apirilak 29, asteartea, 18:30).

 

Ebbaba Hameidaren ‘Flores de papel’ liburuaren aurkezpena

Ebbaba Hameida kazetari sahararrak Flores de papel nobela aurkeztuko du (maiatzak 15, osteguna, 18:30). Gipuzkoako aurkezpena izango da gurean egingo dena (espainieraz). Hiru emakumeren bidez, Saharako herriaren historia kontatzen du Hameidak nobela honetan. Iazko Hariak zinemaldian ere izan zen Hernanin kazetaria.

Hurrengo egunean (maiatzak 16, ostirala, 19:30), Las inKurables txirigota feministaren emanaldia izango da. Taldea Tarragonatik (Herrialde Katalanak) etorriko da.

Arrazakeria eta kulturartekotasuna: Gogoeta partekatuak zikloaren saioa ere izango da maiatzean. Arrazakeria eta antolakuntza kolektiboa izango dute hizpide Malen Garmendia Gomezek (Irungo Harrera Sarea), Ixiar Gonzalez Gurrutxagak (Kaleko Afari Solidarioak) eta Garazi Montuschi Mujikak (Donostiako Hiritarron Harrera Sarea). Solasaldia euskaraz izango da, espainierara itzulpenarekin (maiatzak 21, asteazkena, 18:00).

 

Euskal landa-eremuko LGBTI+ komunitatearen ‘Xerka’

Maiatzeko erakusketa Martxel Larrazaren Xerka izango da, euskal landa eremuko LGBTI+ komunitatearen istorio eta erretratuei buruzkoa (maiatzaren 23tik 30era).

Erakusketaren lehenengo egunean Sexilioa: Euskal landa eremuko LGTBI+ komunitatearen bizi-esperientziak izango dituzte hizpide Larrazak berak eta Joseba Olagaraik, Brayan Altimaberesekin batera. Euskeraz izango da hitzaldia.

Maiatzeko azken astean Zinegoak jaialdiko film laburrak ikusteko aukera ere izango da (maiatzak 27, asteartea, 18:30). Jatorrizko hizkuntzan emango dira filmak, euskaraz eta espainieraz azpititulaturik.

 

Amher-Sos Arrazakeriak, bi hitzaldi

Kulturarteko Plaza Feministan egoitza duen AMHER-Sos Arrazakeriak bi hitzaldi antolatu ditu datorren asterako. Lehenengoa, Espainiako nazionalitatea eskuratzeari buruzkoa (apirilak 28, astelehena, 17:00) eta bigarrena, ikasketak homologatzeari buruzkoa (apirilak 29, asteartea, 11:30).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!