Hernaniko KZ Guneak 30 ikastarotik gora antolatu ditu herritarrentzat, hamar arlo ezberdinetan. Maiatzerako planifikazioan eskaintza haundia egongo da eta parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aldez aurretik.
Denetariko ikastaroak izango dira datorren hilean, eta ohi moduan, eskolak jasotzeko modu ezberdinak ere eskainiko dira: aurrez aurrekoak, urrunekoak, bideokonferentzia bidezkoak. Besteak beste honako ikastaroak eskainiko dira: Android sistema eragilea; irudia eta bideoa lantzeko ikastaroak; whatsApp, bat-bateko mezularitza zure smartphonean; podcast, sortu zure irrati-kanala; komunikazio ez-presentzialerako tresnak; online izapideak Osakidetzarekin; mekanografia ikasi hutsetik; argazkiei ukituak eman zure smartphonarekin; sare sozialak; erosketak egiteko zibersegurtasuna; zure bidaia planifikatu; YouTube, Adimen artifiziala, ChatGPT eta haren alternatibak edota Libre Office-en ingurukoak.
Izena emateko bide ezberdinak
Ikastaroetan izena eman nahi duenak bide ezberdinak ditu eskura. Batetik, KZ Gunean bertan, aurrez aurre. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 943 023 650 telefono zenbakira deituta. Telefono bidez ere apuntatu daiteke ikastaroetara 943 023 650 telefonora deituta. Aukera hau erabiltzeko derrigorrezkoa da KZ Guneko erabiltzailea izatea. Web orrian izena ematea da beste aukeretako bat: www.kzgunea.eus. Aukera honetan ere, erabiltzaile izatea derrigorrezkoa da.
Bestalde, ikastaroetan izena emateko zailtasunak dituztenek eta laguntza behar dutenek bideotutorialak ere badituzte eskura. Hernaniko KZ Gunea, (Nafar Kalea 18), astelehenetik ostiralera dago irekita, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitarte.
Ikastaroen inguruko xehetasunak ezagutzeko eta informazio osatua eskuratzeko KZ Gunearen web orria kontsultatu dezakete: kzgunea.eus/eu/ikastaroak. k