Bihartik igandera mugalariak omenduko dituzte York hirian, Hernaniko BHIko 12 ikaslek, irakasleekin batera

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 23a, 00:00

Euskal Pirinioak Askatasun Bidea Elkarteak Paquita Bretos omenduko du ekainaren 13an.

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak aste honetan hasiko ditu 2025eko ekitaldiak. Honela, bihartik apirilaren 27ra Hernaniko BHIko 12 ikasle bere irakasleekin, Ingalaterrako York hirira joango dira Iheslarien Oroimen Elkarteak gonbidatuta. Mugalariak, laguntzaileak eta iheslariak omenduko dituzte.

Elkarteak 2015etik, urtero antolatzen ditu «memoria historikoa berreskuratzeko eta gogoratzeko» ekitaldiak. Aurten, oroitzapenezko mendi martxa antolatuko dute Aldudetik Eugira, ekainaren 14an, Paquita Bretos pasaitarraren eta Emilio Ithurriaren omenez. 

Bigarren Mundu Gerran zehar naziek okupatutako Ipar Euskal Herritik Hegoalderako ihesbideak, iheslariak, mugalariak eta laguntzaileak oroitu eta omentzen dituzte. 

 

Ekainaren 13tik 15era izango dira ekitaldiak

Ekainaren 13-15eko astebururako Paquita Bretos Andueza pasaitarraren omenaldia antolatuko da. Ekainaren 13an, 19:00etan, Loidin ohiko omenaldia egingo dute. Ekainaren 14an izango da Aldudetik Eugirako ibilaldia, 10:00etan hasita, Urkiagako lepotik. Ekainaren 15ean, Hernanitik eta Donostiatik abiatuta txangoa egingo da autobusez, bidean omenaldiak eginez. Amaitzeko ekainaren 13tik 19ra, erakusketa izango da Biterin, Hamar urte mugalari eta iheslarien memoria historikoa berreskuratzen izenburupean.

 

Hernaniarrek eta Hernaniko BHIko ikasleek doan, izenematea

Ekainaren 14ko eta 15eko ibilaldietan parte-hartzeko izena eman behar da  www.bpftaww2.com webgunean eta 90 euro balio du. Hernaniarrek eta Hernaniko BHIko ikasle eta irakasleak doan eman dezakete izena.

Paquita Bretosen ekitaldietan parte hartu ezin dutenenetzat, batez ere Katalunian (Banyuls, Portbou), Frantzian (Urdos) edo Aragoin (Canfranc), edo Euskal Herriko Donibane Garazi, Elizondo, Otsagabia, Orbaizeta herrietan, gonbidatzen dituzte herritarrak aste horretan ekitaldi propioa antolatu dezaten.

Edozein askatasunaren ibilbidea izan liteke, mugaren alde batera edo bietara, edo beste ekitaldiren bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!