Ostegun honetan, hilaren 24an, egingo du apirileko saioa Hernani Zineklubak. Oraingoan, 'La memoria infinita' filma jarriko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Sarrerak 3 euroan daude eskuragarri, Biteriko leihatilan eta kultura.hernani.eus webgunean. Maite Alberdi txiletarraren dokumentala da 'La memoria infinita', 2023an egindakoa. Pelikula iberoamerikar onenaren Goya saria jaso zuen 2024an, eta Oscar sarietan hautagai izan zen, luzemetrai dokumental onenaren atalean. Alzheimer gaixotasuna du ardatz, eta benetako kasu bat jasotzen du: Augusto Góngora kazetari, dokumentalista eta telebistako aurkezle txiletarrarena. Bera eta Paulina Urrutia aktore, zuzendari eta politikaria elkarrekin bizi dira duela 25 urtetik, baina Paulina beldur da Augustok noizbait ez ote duen jakingo bera nor den. Izan ere, zortzi urte dira Alzheimerra duela.