Bueltan da urteroko azoka berezienetako bat Hernanin: apirilaren 25etik 27ra jarriko dute Erdi Aroko azoka; datorren ostiraletik igandera, alegia. Goizez eta arratsaldez egongo dira zabalik postuak, eta etengabe izango dira tailerrak, jolasak eta ikuskizunak ere, herriko kaleetan eta plazetan Erdi Aroko giroa zabaltzeko.
Mota guztietako postuak egongo dira azokan, ohi bezala. Horrela, artisautza produktuak izango dira horietako zenbaitetan: pitxiak, arropa, kosmetika naturala, apaingarriak, jostailuak, larruzko, egurrezko eta zeramikazko produktuak... Elikadura postuek ere ez dute hutsik egingo: hestebeteak, goxokiak, ogia eta gozogintza, produktu garrapinatuak, eztia... Eta otorduak egiteko aukera ere izango da azokan, jaki bereziekin.
Postuetatik harago, makina bat saio ere izango dira, hiru egunetan zehar, Erdi Arora atzera egitea erraztuko dutenak: kale antzerkiak, kontzertuak, musikarien kalejirak, aireko ikuskizunak, antzinako lanbideen erakustaldiak, haurrentzako tailerrak, jolas parkea...
Urtero erakartzen ditu bertako zein kanpoko bisitari asko, Erdi Aroko azokak, eta pentsatzekoa da aurtengoa ez dela salbuespena izango. Aste Santuko oporraldiaren azkenetan dator azoka, eta modu polita izango da batzuentzat oporraldia bukatzeko, eta beste batzuentzat aurreneko lanegunen itzulera goxatzeko. Antolatzaileek, behintzat, herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.