Hernaniko kale argiteria LED argietara egokitzen ari da udala pitinka-pitinka. Aurten Latsunbe berritzen hasiko da. 2024an honako eremu hauetan egin ziren berrikuntzak: Elkano kalea, Nafar kalea, Txirrita kalea, Lizeaga kalea, Gartzia Goldaratz kalea, Montebideo kalea, Ibarrolaburu-Lorenza Plaza, Karabelgo aparkalekua, Milagrosa eraikina, Sagastialde Auzoko 15-18 zenbakien arteko plaza, Atzieta kalea eta Andre kalea lotzen dituen Erdi Aroko arkua, Ibarluze poligonoa eta Zubiondo poligonoa. 2025ean zehar Latsunben hastea da udalaren helburua.
Hileroko kontsumoa %15 aurreztu dela Elkano kalean frogatu dute
LED argiek bi abantaila nagusi dituzte, batetik, argia hobeto banatzen dute eta horrekin erosoagoa izaten da erabiltzailearentzat; eta, bestetik, argi-maila bera izateko energia beharra eta kontsumoa txikiagoa da. Oraingo aldaketarekin ere, argi kontsumoa gutxitzen joango dela aurreikusten da. Dagoeneko zenbait zonaldetako neurketetan, Elkano kalean egindakoetan, esate baterako, argi buru berriak jarri zenetik dagokion koadro elektrikoko hileroko kontsumoa %15 aurreztu dela frogatu dute.
Hala ere, Zerbitzu Publikoetako arduradunek diotenez, denbora epe luzeagoarekin nabaritzen da hobeto halako berrikuntzen onura. Kale argiterian azken hamarkadan izandako kontsumoak behera egin du, udalak berak dituen datuen arabera. 2015etik 2024ra bitartean, esate baterako, herriko kale argiteria osoaren kontsumo osoa ia %18 jaistea lortu da, eta joera hori da, hots, urtez urte jaisten jarraitzea.
Kontuan izan behar da azken hamarkada honetan zehar zenbait urbanizazio eremu berri osatu direla eta horrek argi puntuen hazkundea ekarri duela, beraz, aurretik adierazitako datuen arabera, herrian guztira argi puntu gehiago izanda ere, argindar-kontsumoak behera egitea lortu da.