Duela 10 urte Kronikan

Aurreneko saio irekia gaur, «herritarren behar eta proposamenak jasotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 21a, 08:36

MARTXAN da Hernani Erabaki prozesu parte hartzailea, herritarrek erabaki dezaten zertarako erabili 2016ko Udal Aurrekontuko 500.000 euro. Gaur bertan egingo dute aurreneko saio irekia, arratsaldeko 19:00etan Biterin.

Herritar guztiak animatu nahi ditu Udalak, saioan parte hartzera: «horrela, herritarren behar eta proposamenak jasotzeko aukera izango dugu, guztion proposamenek baitute lekua prozesu honetan. Gure herriak dituen beharrak identifikatzeko gaitasuna emango digu».

Bost arlo lantzeko, gaurkoan.
Guztira, lau saio ireki antolatu dituzte, apirilean, eta bakoitzean, hainbat arlo landuko dituzte. Gaurkoa izango da aurrenekoa, eta bost arlotako proposamenak jasoko dituzte: jarduera fisikoa eta kirola, lurralde antolaketa eta hirigintza, etxebizitza politika, mugikortasuna, eta aniztasun funtzionala.

Bigarren saioa etzi izango da, 18:00etan Biterin, eta landuko dituzte kultura, hezkuntza, hizkuntza, gazteria eta 3garren adina.

Haurrentzako txokoa eta zaintza zerbitzua.
Saio guztietan, haurrentzako txokoa eta zaintza zerbitzua egongo dira.

Proposamenak egiteko, beste bi bide ere jarri ditu Udalak, herritarren esku: Biterin, udaletxean, kiroldegian, Goiz Eguzkin eta Institutuan jarri diren buzoietan; edo www.hernani.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!