Gertu izan zuen igoera Hernanik, baina azkenean ezin izan zuten. Gipuzkoako 2. mailako seniorrek itxura ederra eman dute igoerako play offetan, eta pozik egoteko moduan daude klubeko kide guztiak.
Finalerdiko partiduan 29-30 irabazi zuen Herananik. Elgoibarren aurka lehenengo zatia izan zen erabaigarria, eta bigarrenean aldeari eusten asmatu zuten Goyo Villoriaren jokalariek.
Finala, ordea, oso bestelakoa izan zen. Pulpok hasi eta buka menperatu zuen partidua, eta alde haundiagatik lortu zuen igoera (39-28). Hala ere, hernaniarrak gustura geratu ziren egindako lanarekin.
Hernanitik herritar asko animatu ziren play offeko bi partiduak bertatik bertara jarraitzera, eta klubetik eskerrak eman nahi izan dizkiete animatzera bertaratu ziren guztiei.