Sant Cugaten jasotako porrotarekin helburutik urrundu da Hernani

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 15a, 00:00

Alde haundiagatik galdu zuen Hernanik igandean; 45-15 amaitu zen Elite faseko partidua. 

 

Bolada txarrari buelta eman ezinik jarraitzen du Hernaniko Ohorezko B mailako taldeak. Denboraldi amaiera luze xamar egiten ari zaio taldeari, eta horren erakusgarri dira azken jardunaldietan jasotako porrotak. 

Oraingoan ere esku hutsik itzuli da Hernani Sant Cugatetik. Aurkari gogorra izan zuten aurrean, eta 45-15 amaitu zen partidua. Hernanik jarraian jasotzen duen hirugarren porrota da, eta lehenengo lauen artean sartzeko helburutik dexente urrundu da dagoeneko. 

Elite fasea amaitzeko bi partidu besterik ez dira geratzen, eta une honetan sailkapeneko zazpigarren postuan dago Hernani. Sei partidutan bi garaipen eta lau porrot jaso dituzte trikoloreek, eta matematikoki aukeraren bat izan dezaketen arren, asko zaildu zaie gora egiteko bidea. 

Asteburu honetan atsedena hartzeko tartea izango du taldeak, eta Hernaniri ondo etorriko zaio hori min hartuta dauden jokalariak berreskuratzeko. Oporralditik bueltan, Liceo Frances liderraren bisita jasoko du Landaren. Fasea, berriz, Valencian amaituko du Hernanik, oraingoz azkenaurreko postuan dagoen taldearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!