Apirilaren 30a bitarte eskatu ditzakete dirulaguntzak nekazariek

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 15a, 00:00

Dirulaguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza dira ustiategia Hernanin kokatua egotea eta ekoizle profesionala izatea.

 

Hernaniko nekazarientzako dirulaguntzak emango ditu aurten ere Hernaniko Udalak, «elikadura burujabetza sustatzen jarraitzeko». Zehazki, 20.000 euro bideratuko ditu tokiko nekazari eta abeltzainen ekoizpena eta banaketa sustatzeko jarduerak laguntzera. Apirilaren 30a bitarte izango dute interesatuek dirulaguntza eskatzeko aukera, eta ezinbesteko baldintza izango dira ustiategia Hernanin kokatua egotea eta ekoizle profesionala izatea.

Honako jarduera eta gastuak barnebilduko ditu dirulaguntzak, besteak beste: ekoizpenaren banaketarako baliabideak eskuratzeko inbertsioak; ekoizpen gaitasuna handitzeko edo hobetzeko inbertsioak, izan negutegiak, makineria, berotegiak, urreztatze instalazioak, etabar; tresna, lanabes eta makineria konponketa eta mantenu gastuak; arkitektoen eta ingeniarien ordainsariak; belaunaldi errelebora bideratutako aholkularitza lanak; ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak edota produktuen kontsumoa bultzatzeko ekintzak.

Eskatzaile bakoitzak 2.000 euro edo egindako inbertsioen %75a jasoko du. Jatorri izendapena edo ekoizpen ekologiko ziurtagiriaren arloan aritu diren ekoizleek, 41 urtez beherakoek eta emakume ekoizleek laguntzen %20 gehiago ere jaso ahal izango dute, baina gehienez, egindako inbertsioaren %95a.

 

Hil honen amaieran amaituko da eskaera egiteko epea

Apirilaren 30ean amaituko da dirulaguntza eskatzeko epea. Udalaren webgunean, www.hernani.eus/eu/dirulaguntzak, edo Herritarren Harrera Zerbitzuaren bidez egin daitezke eskaerak.

Hernaniko herritar guztien ongizatea bermatzeko «estrategikoa da lehenengo sektorearen sustapena». Udalak azaldu du, egun elikagaien ekoizpena kanpoko logiketan txertatuta dagoela zeharo, eta horrek egiturazko ondorioak dituela gure lurraldean, dependentzia harremanak sortzen dituela. Esan dutenez, eredu horren «alternatiba» dira elikadura subirautza eta tokian tokiko alternatibak eraikitzen dituzten agenteak.

Finean, dirulaguntzarekin helburua herriko biztanleek bertako ekoizleen produktuak modu errazean eskuratzea dela azaldu du Udalak.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!