Partidu garrantzitsua jokatuko du bihar eguerdian Hernaniko Ohorezko B mailako taldeak. Sant Cugaten aurka arituko dira trikoloreak, etxetik kanpo, eguerdiko 12:00etan hasita. Lehenego lauen artean sailkatzeko, irabazteko beharra du Hernanik, baina gauzak asko zailduko dizkio Bartzelonako talde indartsuak.
Anartz Elosegirentzat mugarri bat izango da biharko partidua, «inflexio puntu bat»: «Dinamika aldatu nahi dugu, sumatu dugulako azken partiduetan maila, agresibitatea eta irabazteko gogoa jaitsi ditugula».
Azken bi partiduak alde haundiagatik galdu ditu Hernanik. Bereziki mingarria izan zen pasa den astekoa, zaleen aurrean taldea ez zelako fin aritu. Horren aurrean, aldaketa baten beharra dagoela nabarmendu du Elosegik: «Badakigu ezin dela aurreko astekoa berriro pasa. Ezin dugu gogo eta intentsitate faltarekin zelairatu, guregatik eta animatzera datorren jendeagatik. Gure zaleak oso garrantzitsuak dira guretzat, eta jokalarion lana da euren aurean gauzak ondo egitea».
Hiru partidu besterik ez dira geratzen Elite fasea amaitzeko, eta azken jardunaldietarako motibazioa berreskuratzeko helburua du Hernanik: «Txipa aldatu eta gauzak ondo egin behar ditugu. Lehenengo partidu hau irabazita, gora begira jarriko gara berriro, baina helburua irudi txarra aldatzea da».