Lagunarteko giro ederrean banatu zituzten atzo Bota Bertsoa lehiaketaren 11. edizioko sariak

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 12a, 00:00

Biteriko plazan egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta giro ederra sortu zen bertan. Garaileen bertsoez gain, libreko saioxka bat eskaini zuten Andoni Rekondok eta Libe Goenagak.

Bertso sorta umoretsuak, kritikoak, oldarkorrak, teknikoak, profesionalak... Denetarik sartzen da zirku haundi bateko karpan, eta hori agerian geratu zen Bota Bertsoa lehiaketaren 11. edizioko sari banaketa ekitaldian.

'Hau bai zirkua!' gaiari erantzun diote aurten sagardotegietako bertsolariek, eta 150 bertsopaper jaso dituzte Dobera Euskara Elkarteko kideek.

Atzoko ekitaldian irabazle ugari elkartu zituen Doberak Biteriko atarian. 23 sagardotegik parte hartu dute aurtengo edizioan, eta horien sagardo kaxak, otorduak eta produktuak izan ziren sarietako batzuk. Horiez gain, Haatik dantza konpainiaren OTS ikuskizunerako gonbidapenak ere irabazi zituen garaileren batek. 

Bertso sarituez gain, libreko bertso saio txiki bat ere izan zen atzokoan. Andoni Rekondo hernaniarra eta Libe Goenaga arduratu ziren ekitaldiaren errepasoa egiteaz.

 

MOROSOEN SARIA
EGILEA: AITOR EIZAGIRRE 
Doinua: Gizona da zoroa


Hau bai dala zirkua
ta txuleta duna
Errima label eta
sagardo leuna
Pailazo, akrobata
hori da jarduna
Eskapista daukagu
pagatu bertzuna

 

 

ENTXUFATUEN SARIA
EGILEA: TXIRULAKAÑAK
Doinua: Maritxu nora zoaz


Itxas Burun gaude ta
ezin da kantatu
Gure artean gaude
lehoi, tigre, katu
Animalin zirkoa
da Hernaniratu
Gure herria ondo
zaindu ta tratatu

 

 

KALIGRAFIAREN SARIA
EGILEA: ANDREA GALEANO
Doinua: Adixkidia Andoaindikan


Zenbat hilabete egon garen
sagardo on bat edateko
Pailazokeri giro honetan
sagardo hau dastatzeko
Malabaristak zein trapezistak
denak ditugu gustuko
Hurrengo urtean hala ere
hemen egongo gara berriro!

 

 

AGRESIBITATE SARIA
EGILEA: AMAIA ETXEBERRI
Doinua: Behin batean Loiolan III


Sagardotegira iritsi
ta hoi da zirkoa
Irrintzie entzun beharrez
buia da ohikoa
Ez ote det edan ba
sagardo nahikoa
Akatzekotan nao ni
jertse horikoa

 

 

LIGOTEO SARIA
EGILEA: IBAI RODRIGUEZ
Doinua: Gizona da zoroa


Zaila degu gaurkuan
guk jartzea gaia
Baina sagardoari
hartuaz usaia
Eskertzeko heldu da
oraintxe garaia
Eskerrik asko bihotzez
benetan Zelaia

 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!