Denboraldiko astebururik garrantzitsua du Hernaniko Eskubaloi Taldeak, honakoa: mutil seniorrek final fourra jokatuko dute Zumaian, Gipuzkoako lehenengo mailara igotzeko. Elgoibarren kontra izango dute semifinala gaur, arratsaldeko 19:45etan hasita, Lubaki kiroldegian. Aurretik jokatuko da Pulporen eta Saiekoren artekoa, 18:00etan. Eta bi partiduetako irabazleek, bihar jokatuko dute finala, Zumaian bertan, eguerdiko 12:00etan. Galtzaileak 10:15etan ariko dira, hirugarren posturako lehian. Final fourreko talde irabazleak soilik lortuko du igoera.
Talde hori izan nahi du Hernanik, eta helburu horrekin joango da Zumaiara, jakinda haiek direla talde gazteena eta esperientzia gutxienekoa. Goyo Villoria entrenatzailearekin hitz egin du Kronikak, partidu erabakigarrien atarian.
Nola ekingo dio taldeak final fourrari?
Ilusioz helduko diogu final fourrari. Gogotsu gaude, eta konfiantza daukagu igoera lortu dezakegula, nahiz eta badakigun zaila izango dela. Maila honetako talderik gazteena gara, alde haundiarekin, eta esperientzia gutxien daukana. Pulpo da faboritoa, printzipioz; etxean ariko dira, eta esperientzia haundia daukate. Baita Elgoibarrek eta Saiekok ere. Gainera, goragoko kategorietan taldeak dauzkate, eta horietako jokalariak erabili ditzakete asteburu honetarako: bigarren taldeko fitxa izan arren, normalean lehenengo edo bigarren maila nazionaleko taldean aritzen diren horiek. Baina jokatu dugu haien kontra, eta garaipenak eta porrotak tartekatu ditugu. Partidu bakarrera, edozer gerta liteke.
Zein izango dira klabeak?
Gure indargunea defentsa da, aurreko fasean asko hobetu genuena. Eta klabea izango da erasoan erritmo egokia aurkitzea ere. Gaztetasunagatik, eta irabazteko nahiagatik, prezipitatu egiten gara batzuetan. Horretan asmatuz gero, eta gure zaleen animoekin, ea igoera lortu dezakegun. Espero dugu Hernaniko jendea bertaratzea eta behar dugun bultzada ematea.
Elgoibarren kontra ekingo diozue. Nolako aurkaria da?
Esperientzia haundiko taldea da Elgoibar. Aurreneko fasean, guk irabazi egin genien Hernanin, eta galdu egin genuen Elgoibarren. Momentu erabakigarrietan badakite nola jokatu, eta horrek indarra ematen die. Gainera, badakigu goragoko kategorietan ari diren jokalari horiek erabiliko dituztela. Beraien etxetik kanpo, ez dut esango indarra galtzen dutenik, baina ezberdina izango da partidua. Guretzako garrantzitsua izango da erasoan modu kontrolatuan aritzea, eta defentsan gure indarra erakustea.
Bigarren fase honetan, Pulporen kontrako partiduak bakarrik galdu dituzu. Momentu onean zaudete, ezta?
Fisikoki juxtu xamar daude jokalari batzuk. Denboraldiak luze jo du eta partiduak pilatu zaizkigu. Gainera, Gipuzkoako bigarren maila izateko, talde guztiek daukate oso maila ona, jokalari gazteak eta esperientzia dutenak uztartuta. Gure taldeko jokalarien batazbesteko adina 19-20 urtekoa da. Ondo iritsi gara final fourrera, baina orain jokatu egin behar da.
Denboraldi hasieran, helburu gisa zeneukaten igoera lortzea?
Azkeneko hiru urteotan nabarmen hobetu du taldeak. Aurreneko urtean, jokalarien erdia seniorrak ziren, baina oso gazteak; eta beste erdia jubenilak. Maila onean aritu ginen orduan, eta joan den urtean, dagoeneko, igoerarako bi puntu falta izan zitzaizkigun, oso gertu izan genuen. Aurten aldatu egin da formatua, final fourra jokatzeko; eta horretara sailkatuta, konfirmatu dugu goiko postuetako taldea garela, baina errematea jartzea falta zaigu.
Taldeko jokalari guztiak dira klubeko beheko kategorietatik datozenak.
Klubak filosofia hori dauka: taldeko jokalariak eta entrenatzaileak etxekoak izatea. Entrenatzaile ia denak dira etxekoak, batzuk oraindik formazioan dabiltzanak, jokalariak ere badirelako. Eta jokalari guztiak, oinarritik seniorretaraino, etxekoak dira, hernaniarrak edo klubean hasiera-hasieratik aritutakoak. Niregana jo zutenean, helburua zen klubaren oinarri sendo horri eutsi, hazten jarraitu eta, ahal izanez gero, kirol emaitza onak lortzea. Hori ezin da egun batetik bestera lortu, prozesu bat behar du. Eta helburuak betetzen ari gara. Gure jokalarietako batzuk Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioekin aritu dira gazteen kategorietan. Formakuntza jardunaldiak ere egin izan ditugu, Jorge Dueñasekin eta Jordi Riverarekin, besteak beste. Ekintza ezberdinak antolatzen ditugu, eskubaloiak herrian txertatu dadin. Emaitzak iristen gehiago kostatzen da, baina ondo ari gara lanean, eta pazientzia pixka bat izan behar da.
Partiduetan, behintzat, herritar asko izaten dira harmailetan…
Bai. Ez da beharrezkoa emaitza onak lortzea, eskubaloia herrian txertatu dadin; eta hori da lortzen ari garena. Urtez urte gora egin du eskubaloiarekin interesa duen pertsona kopuruak. Badaukagu ‘oztopo’ bat ere: gurea bezala, beste kirol asko ere hazten ari direla, boleibola, gimnasia, saskibaloia… Eta badaukagu eskaera bat ere, instalazioen beharra. Une honetan frontoi bat estaltzen ari dira, kulturgune berri bat egingo da… Ea kiroldegi berri bat eraikitzea ere posible den, edo behintzat pista gehiago egitea. Inguruko herrietan, instalazio gehiago dauzkate, guk baino biztanle gutxiagorekin.
Asteburu honetan igoera lortzeak, zer emango lioke klubari?
Izango litzateke berrestea azkeneko urteotan egindako ahalegina eta lan ona. Era berean, eskubaloia finkatuko luke Hernanin. Gure herriko kluba beti izan da erreferente Gipuzkoan eta Euskadin. Hori da lehentasunezko helburua, betiere etxeko jokalari eta entrenatzaileak oinarri hartuta. Azkeneko hiru urteetan 11 entrenatzaile formatu ditugu, titulazio berriak lortuz. Orain igoera lortzeak, gure lan-lerroa berretsiko luke. Edonola ere, ez badugu lortzen, aurrera begira berdin-berdin eutsiko diogu lanari eta proiektuari.