Hileko bigarren larunbata denez, bihar Hernanira iritsiko da azoka ibiltaria, Behemendi Elkarteko kideen eskutik. Hernaniko Udalaren laguntzaz, merkatua antolatu dute goizeko 09:00etatik 14:00etara bitarte, Hernaniko Plaza Berrian.
Merkatua Donostialdeko eta Gipuzkoako ekoizleek egiten eta eraldatzen dituzten produktuak saltzeko guneak dira. Horretarako, azoka bat antolatzen dute Donostiako hiru auzotako plazetan eta baita Hernanin ere, hilero leku bakoitzera joanez. Antolatzaileen hitzetan, maiztasun horrekin ekimenaren berezitasuna indartu nahi da, tokiko denden jardueran eraginik ez izatea bilatzen baita.
Besteak beste, inguruko produktuak ezagutu eta dastatzeko merkatu ezin hobea izango da. Bertaratuko dira, esaterako, Andoaingo Bejondeizula barazki eta kontserbak, sasoian sasoiko barazki ekologikoekin; Errenteriako Aparola baserritik, behi, ahuntz eta ardi gazta, babarrun, eta barazkiekin; Amezketako Argaia Goena, txerri eta txekor okelarekin; Zumaiako Santa Klara esnekiak, behi esne pasteurizatua eta 5 zapore desberdinetako jogurtak; Berasategiko L’Atelier de Su, lore eta landare konposizioak eta Mallabiako Mañeko, euskal pastela, sagar-tarta, gazta-tarta, txokolate-tarta, erroskilla...
Bestalde, Hernaniko Zabalo-enea baserrikoak lanean dabiltza irailean itzultzeko.