Bihar emango zaio hasiera Hernaniko XXVII. Dantzari Asteari. Horretarako, 'Gamazada' emanaldia eskainiko dute eguerdian, herriko Kaxkoan zehar. Ospakizunak maiatzean izango du segida; aste berezia maiatzaren 5etik 10era bitarte ospatuko da, eta maiatzaren 11n egingo dute festa haundia.
Bihar elkartuko dira Ortzadar dantza taldeko kideak 'Gamazada' emanaldia eskaintzeko. Eguerdiko 12:15etan irtengo dira dantzariak erdiguneko kaleetatik barrena. Hernaniko plazatik hasiko dute ibilbidea, Andre kaletik igarota iritsiko dira Plaza Berrira, handik Kale Nagusira eta azkenik Ezkiaga pasealekutik igaroko dira. Azken geltoki honetan egingo dute ekitaldi nagusia, eguerdiko 12:30etan Ezkiaga Pasealekuko frontoian.
Antolatzaileek azaldu dute eguraldi txarra eginez gero, maiatzaren 17an egingo luketela ospakizuna.
Maiatzean jarraituko dute festarekin
Maiatzaren 5eko astea izango da festarako astea, dantzatzeko eta zer ikusi eta ikasteko astea. Emanaldi eta ekintza ezberdinak egingo dituzte, tartean, baserritarren jantzien erakusketa izango da Biteri Kultur Etxean, hitzaldia ere antolatu dute, eta 10ean dantzari txikiak, herriko musikariak, eta dantza talde ezberdinek hartuko dute parte ospakizunean. Maiatzaren 11rako egun osoko egitaraua antolatu dute: kalejira, dantza ekitaldia Euskal Herriko dantza taldea ezberdinekin batera, musikarien emanaldia eta bazkaria.