Kultur jarduerez beteko da bihar Hernani, ikuskizunak eta kontzertu emanaldiak tarteko

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 11a, 00:00

Kalez kale kantari arituko dira Plaza Berritik hasita.

Udalak adierazi duenez, Txotx denboraldiko larunbatetan herritarrek espazio publikoa berreskuratzeko ekintza izango da.

 

Kultur jarduera ezberdinak antolatu dituzte Hernaniko Udalak eta hainbat eragilek elkarlanean. Ikuskizunek eta kontzertuek beteko dituzte bihar Hernaniko kaleak eguerdiko 12:00etatik aurrera.  Udalak azaldu du, Txotx denboraldiko larunbatetan herritar asko «kanporatuak» sentitzen direla eta horregatik antolatu dituztela jarduera hauek.

Bihar Hernaniarrek «espazio publikoaz gozatzeko» sei ekintza izango dituzte, adin guztietako herritarrentzako modukoak izango dira, eta ia denak kanpoko eremuetan. Egitarauan parte hartuko dute San Joan Konpartsak, Hernaniko Musika Bandak, Kantuz abesbatzak, Kalez kale kantari ekimenak eta Hernaniko Udalak.

Udalaren hitzetan, «Txotx denboraldiko larunbatetan herritik kanporatuak sentitzen dira hernaniar asko eta gisa honetako kultur ekitaldiek herritarrok espazio publikoa berreskuratzea ahalbidetzen dute». Bestalde, Udalak azpimarratu du, erakutsi nahi dutela kanpotik datozenei Hernanin beste eredu bateko aisialdia ere badagoela, «herritarrek eta eragileek herri-eskaintza interesgarria sortzen dutela eta haietaz gozatzeko gogoa dutela».

KULTUR JARDUERAK

BIHAR

12:00 Kalez kale Kantari, Plaza Berritik hasita.

12:00 Haur antzerkia: 'Olaiaren lorategia'. Biteri kultur etxean.

12:15 Ortzadar dantza taldearen kalejira eta 'Gamazada' ikuskizuna. Kaxkoan

18:00 San Joan Konpartsarekin erromeria. Tilosetan.

18:30 Hernaniko Musika Bandaren Udaberriko kontzertua. Udaletxeko arkupeetan.

20:00 Kantuz abesbatzaren eliz musika kontzertua. San Joan Batailatzailearen elizan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!