Soledad Agirresarobe Beldarrain omendu dute bere mendeurrenean

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 10a, 00:00

Familia, Udaleko ordezkariak eta Soledad Agirresarobe erdian.

Xabier Lertxundi alkateak eta Oier Agirresarobe zinegotziak etxean omendu dute Soledad lore sorta batekin, familia, lagun eta senideekin batera.

 

«Ez naiz unibertsitatera joan, baina ia denetik egin dut bizitzan». Halaxe laburbildu zuen atzo bere bizitza luzea Soledad Agirresarobe Beldarrainek 100 urte bete duen egunean. Lagun, zaintzaile eta senidez inguratuta pasatu zuen egun seinalatua, eta udal ordezkaritza bat batu zen emakumeak Hernaniko Andre kalean duen etxean egindako ospakizunera. Lore sorta bat eman zion Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkateak udalaren izenean.

Aian sortu zen Agirresarobe Beldarrain, hamar anai-arrebaren artean bederatzigarren alaba, eta 18 urterekin etorri zen Hernanira. Aian okin famili batean sortu eta ogibide horretan aritu zen lehen urteotan. Ondoren, Hernanin, hainbat lan egin ditu, baina Ariceta enpresan egin zuen bere lan aldi luzeena. «Asto baten moduan lan egin izan dut», aitortu zuen. «Baina bidaiatu ere egin dut, oso gustuko izan dut eta», azaldu zuen, Parisera egindako bidaia baten nondik-norakoak azalduz.

100 urte baditu ere, sasoi onean da, eta egunero egiten du bere ibilalditxoa Sarobe Beldarrainek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!