Etxebizitzaren problematikari buruz hitz egiten dugunean, abiapuntuak erabat kontrajarriak izan daitezke, etxebizitza erabilera-ondasuntzat edo inbertsio-ondasuntzat har baitaiteke. Premisa hori funtsezkoa da esku-hartze garatzeko orduan; izan ere, jarraitu beharko ditugun irizpideak eta euren ondorioak markatuko dizkigu.
Etxebizitza eskubide bat dela ulertzen badugu, eta soilik erabilera-balio bat esleitzen badiogu, finantza-produktuaren izaera kenduko diogu, eta, beraz, inolaz ere ez da errentagarritasuna bilatzen. Horren ondorioz, administrazioen jarduera guztiek eskubide hori bermatzera bideratuta egon beharko lukete. Horretarako, beharrezkoa izango litzateke egoeraren analisia egitea, eskatzaileen beharren diagnostikoa egitea, planifikatzea eta gauzatzea etxebizitza eskubidea delako perspektiba galdu gabe. Irizpide horiekin etxebizitza-politika garatzen ariko gara.
Premisa etxebizitza merkantzia edo finantza-produktu bat dela denean, errentagarritasun handiena ateratzea baino ez da bilatzen. Horrela, eraikitzaileen, sustatzaileen, bankuen, inbertsio-funtsen eta eskrupulurik gabeko errentarien interesak baino ez dira asetzen. Premisa horrekin, ontzat ematen da etxebizitzaren erosketa sustatzea, espekulazio-dinamikak bultzatzea eta praktikan eskubidea negozio bihurtzen duen marko- legala legitimatzea. Irizpide horiekin garatzen ari gara higiezinen politika.
Ezin ditugu alde batera utzi higiezin-politiken garapenak biztanleriaren sektore zabaletan dituen ondorio lazgarriak: etxegabetutako pertsonak, emantzipatu ezin diren gazteak, krisi demografikoa, alokairu eskuraezinak, etxebizitzaren ordainketaren ondorioz pobreak diren herritarrak, osasun arazo fisiko zein mentalak...
Egoera kritikoa eta ankerra da. Nik galdera hauek egiten dizkiot nire buruari: zer nolako politikak egiten dira gure herrian? Zein muga jartzen dizkigute Euskal Herrian etxebizitza-politikarik egin ez dadin? Eraikitzaileen, sustatzaileen, inbertsio- funtsen eta bankuen interesen aurrean planto egin behar da. Uste dut etxebizitza-politika gehiago egin beharko litzatekeela, eta higiezinen politika gutxiago.
Gorka Nabarro Patterson
Eskubide sozialen aldeko aktibista