Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari ekin dio Hernaniko Udalak UEMArekin batera, beste herrialdeetatik etorri eta, ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko. Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskera ikasi eta jendaurrean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira UEMAko herrietan martxan jarri den kanpainaren oinarria, eta horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea da helburua.
Hernanin ere gero eta gehiago dira beste herrialdeetatik etorri eta herrian establezimenduak irekitzen dituzten edo herriko establezimenduren batean lanean ari diren herritarrak. Horietako zenbaitek euskera ikasi du edo ikasten ari da, baina asko eta askotan gainerako herritar euskaldunok gazteleraz egiten diete. Euskerak kolore asko dituela eta herritar horiek guztiak euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak, azalaren kolorea edota bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren.
Etorriberri euskaldunek badakite euskera dela zubirik ederrena, eta euskera ukatzen dieten bakoitzean kanpokoak direla esaten zaie zeharka. Horregatik, beraiei ere euskeraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldun sentitzen direlako.