Haziera eskolak martxan jarriko dira gaur eta guztira izango dira bi hitzaldi eta tailerra

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 9a, 00:00

Haurren hezkuntza izango da hizpide saioetan.

‘Haziera osasungarrian bidelagun’ izateko saioak antolatu dira gaur, apirilaren 29an tailerra, eta maiatzaren 7an.

 

Guraso talde baten proposamenez, Haziera eskolak martxan jarriko ditu Hernaniko Udalak, «haziera osasungarrian bidelagun» izateko asmoz. 0 eta 6 urte arteko haurrak dituzten gurasoei zuzendutako hiru saio izango dira apirilean eta maiatzean: guztira bi hitzaldi eta tailer bat antolatu dira. 

Landuko diren gaiak guraso talde horren eta Udalaren artean adostu dira. Saioak gaur, apirilaren 29an eta maiatzaren 7an izango dira, hirurak doakoak, baina izena ematea derrigorrezkoa zen pasa den astelehenera arte. 

Lehenengo hitzaldia gaur, Amaia Vazquezekin

Lehenengo saioa Amaia Vazquez Eguzkitza psikologo klinikoaren hitzaldia izango da. Haurren garapen psiko-afektibo-sexuala eta soziala izango ditu hizpide. Udaletxeko areto nagusian izango da, 17:30etatik 19:00etara, euskeraz -aldibereko itzulpenarekin gaztelerara-. Gurasoen galderak erantzuteko tartea izango da.

Apirilaren 29an, Maddi Soroa Hernandez psikomotrizitatean espezialistak tailerra eskainiko du. Saio hau Biteri Kultur Etxean izango da, euskeraz, 17:30etatik 19:00etara. Psikomotrizitatea zer den eta zertarako kontzeptu teorikoen bidez azaldu eta bizipen-esperientziadun proposamenak egingo ditu.
 

Maiatzean eskainiko du Julene Armendarizek hitzaldia

Azken saioa maiatzaren 7an izango da, Julene Armendariz Ezeiza pedagogo perinatalarekin. Mugak, arauak eta emozioen kudeaketa haurrekin izango ditu hizpide hitzaldian. Hausnarketarako eta egunerokotasunerako tresna praktikoak emateko tartea izango da saioa, udaletxeko areto nagusian, 17:30etatik 19:00etara, euskeraz, aldibereko itzulpen zerbitzuarekin.

Antolatzaileek kontziliazio zerbitzua ere eskainiko da 2-6 urte arteko haurrentzat, Biteri kultur etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!