'Gamazada' dantza emanaldia eskainiko da larunbatean Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 8a, 00:00

Kalejira 12:15etan hasiko da eta maiatzeko Dantzari Astearen preludioa izango da.

 

Ortzadar dantza taldearen Gamazada emanaldia eskainiko da larunbatean Hernanin. 12:15etan, Erdiguneko kaleetan, dantzarien irteera izango da Plazatik. Andre Kale, Plaza Berri eta Kale Nagusia igaro ondoren, Tilosetara iritsiko dira eta frontoian eskainiko dute ekitaldi nagusia. Eguraldi txarra egingo balu maiatzaren 17ra atzeratuko da eta egun horretan ere eguraldi txarra izanez gero Atsegindegira pasako lukete. 

San Joan Konpartsak antolatuko du eta Hernaniko 27garren Dantzari Astearen egitarauaren barruan kokatuko da. Hala ere, Dantzari Astea bere horretan, maiatzaren 5etik maiatzaren 12ra ospatuko da. Aste osoan zehar izango dira ekitaldiak.

 

Gamazada, Hego Euskal Herriko matxinada

Gamazada XIX. mendeko Hego Euskal Herriko herri matxinada bat izan zen, 1893-1894an gertatua, erdigunean Nafarroa izan zuena. Germán Gamazo alderdi liberaleko Ogasuneko ministroa Nafarroa Garaiaren zerga autonomia deusezten saiatu zenean, aho bateko erreakzioa piztu zuen lurralde horretan. Nafar altxamendu militar baten hasiera ere jazo zen, aurrera egin ez bazuen ere. Mobilizazioak Hego Euskal Herri osora barreiatu ziren. Protesta eta istiluek 1893ko maiatzetik 1894ko martxora iraun zuten. Euskal nazionalismo politikoaren sorrera ekarri zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!