JUAN Bautista Anza Sonoran jaio zen 1736an. Bere aita, Juan Bautista izenekoa hura ere, Hernanikoa zen, baina 19 urte zituela Ameriketara egin zuen, bizitza hobe baten bila. Juan Bautista semeak Anza abizena eraman zuen gaur egungo Kali fornia, Arizona eta Sonorako lurraldeetara, konkistatzaile eta esploratzaile gisara ibili baitzen bertan.
Horregatik, 1990etik aurrera Juan Bautista Anzari buruzko Konferentzia bat ospatzen da Mexikon, bi urtean behin. Aurtengoa IX. edizioa da eta Sonoran dagoen Arizpe herrian egingo da maiatzaren 13tik 16ra. Bertan parte hartuko dute Don Garate eta Lou Fuller historia lariek eta Isabel Moreno artxibozainak, besteak beste. Hitzaldietaz gain, San Isidro eguna aprobetxatuz aisialdirako hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horietan eta inguruko parajeak ikusteko aukera izango da.
Komantxeekin borrokan
Juan Bautista Anzak San Ildefonsoko akademia militarrean ikasi zuen eta bere jardunean, kapitain izendatu zuten. Gero, 1761ean Dona Maria Perezekin ezkondu zen. Anzak Nueva Espainiako mugak zaindu zituen komantxe eta apatxe indioekin borrokatuz eta 1874tik aurrera zenbait esplorazio egin zituen Kolorado ibaia gurutzatu eta gaur egungo Mexikon barrena.
Hau guztiagatik, Espainiako erregeak Nuevo Mexikoko gobernadore izendatu zuen 1877an. Bere agintaldian komantxeekin bakea sinatu zuen denbora batez. 1788an hil zen Arizpen, Sonorako desertuan, 52 urte zituela.
Erroak Hernanin
Anzaren erroak Hernanin aurkituko ditugu. Aitona, Antonio Anza, farmazeutikoa zen eta jaiotetxea Kale Nagusian zuen, plazatik gertu. Lucia Sasoetarekin ezkondua, hiru seme alaba izan zituzten: Maria Esteban, Felipe eta Juan Bautista.
Azken honek (Juan Bautistaren aita eta izen berekoa) Espainiako Armada zerbitzatu zuen Nueva Espainian 1740 arte, urte hartan apatxeen eskuetan erori eta hil egin baitzuten.
Konkistatzaile ezaguna Amerikan
Estatu Batuetan eta Mexikon Anza abizena oso ezaguna da, batzuetan Ansa eta beste batzuetan Anssa idatzi izan da han. Juan Bautista Anzak bere arrastoa utzi zuen lurralde haietan. Badago Anza Trail izeneko ibilbide bat eta bertan, hernaniar jatorriko militar honek San Frantzisko hiritik Sono rako desertura egin zuen esplorazio bidea egin daiteke. Sonoran badago Anza-Borrego Desert Park izeneko gune bat: Kaliforniako haundiena da eta 600.000 akre-ko zabalera du. Bertan Juan Bautista Anzaren omenezko monumentu bat ikusi daiteke.
Iraganetik internetera
Ez dira gutxi Anza familiari buruz interneten dauden web guneak, pertsonaia honen inguruko datu historikoak azaltzen dira bertan (http://an za.uoregon.edu). Interneteko web orri hauetan jakin daiteke Anzaren arbasoen berri eta baita zuhaitz genealogikoa ikusi ere (www.n ps.gov/ tuma/anza-family.html). Orain gutxi Don Garatek anzatarrei buruzko liburu bat idatzi zuen ingelesez: “Juan Bautista Anza, basque explorer in the new world” jartzen du bertan. Esploratzaile edo konkistatzaile, hernaniarron harrotasun edo lotsarako, badugu historia zati bat Ameriketan.