Hernani Errotzenek bi hitzaldi antolatu ditu aste honetarako

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 7a, 00:00

Asteartean egingo dute lehenengoa eta ostegunean bigarrena. Biak 19:00etan izango dira, Biterin.

Hernani Errotzen taldeak bi hitzaldi antolatu ditu aste honetarako. Bihar eta ostegunean izango dira saioak, arratsaldeko 19:00etan, Biteri Kultur Etxean.

Biharko hitzaldia 'Argitu, ez suntsitu' elkarteko Josetxo Mendiak emango du. Iruña-Veleia aztarnategiaren historia errepasatuko dute bertan, baita bere inguruan sortutako auzi guztiak ere. «Aztarnategi honetan topatutako aparteko hainbat grafitoetaz arituko gara. Hauen harira egindako epaiketa azalduko dugu, eta benetakoak ala faltsuak diren argitzeko, ze irtenbide zientifiko proposatzen ditugun agertuko dugu», azaldu dute.

Osteguneko hitzaldian, berriz, XI. eta XII. mendeetako testuinguru soziopolitikoa izango dute hizpide. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteko Josu Narbarte gonbidatu dute hitzaldia eskaintzera. «Gipuzkoak garaiko lurralde egituran zuen tokia aztertuko dugu; Iruñeko erresuman eta elizbarrutian, hain zuzen ere. Segidan, orduko gizartea nola antolatuta zegien aztertuko dugu».

Hernani Errotzenetik herritar guztiei egin diete bertaratzeko gonbidapena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!