Zaleen bultzada baliatu nahi zuen Hernanik Cisnerosi aurre egiteko, baina porrota jaso zuen atzoko partiduan. Madrildarrek erritmo bizian ekin zioten partiduari, eta lehenengo zatian zulo erabakigarria zabaltzea lortu zuten. Hernaniren erreakzioa azken minutuetan iritsi zen, baina ez zen nahikoa izan markagailua iraultzeko. Partiduaren emaitza 23-44 izan zen azkenean.
Porrot honekin sailkapeneko seigarren postura jaitsi da Hernani, eta zertxobait zaildu zaio Top4-ean sartzeko helbururako bidea. Asteburu honetan hirugarren postuan dagoen Sant Cugat taldearen zelaian jokatuko du; ondoren, Liceo Frances liderraren bisita jasoko du Hernanik Landaren; eta Elite fasea amaitzeko une honetan Hernaniren azpitik dagoen Valenciaren aurka jokatu beharko du.
Geratzen diren hiru partiduetan emaitza onak lortu ezkero, Hernanik oraindik aukerak ditu fasea hasi zenean ezarritako helburua betetzeko.
Atzoko egunez herritarrek erantzun bikaina eman zuten beste behin, eta bultzada asko estimatu zuten jokalariek.